Gaztainaren egun handia

Gaztainaga Eguna

Galdames

Mikologia eta gaztaina zaleek Galdamesen dute azoka igandean. Urtero legez, Gaztainaga kultur elkarteak eta Galdamesko Udalak Gaztainaga Eguna antolatu dute.

San Pedro plazan zabalduko dute sendabelarren eta mikologiaren inguruko erakusketa, goizeko hamaiketan. Aurtengoa 19. aldia da. Era berean, gaztainak erretzeko tresnen erakusketa eta herriko zur lanketako tailerrean eginiko lanen erakusketa jarriko dituzte. Bestalde, eskulangintzako produktuak salgai izango dira, eta zizak eta gaztainak dastatzeko aukera egongo da, doan.

Ondoren, 11:30etik aurrera, gaztainaren nazioarteko 10. tiro txapelketa jokatuko dute. Parte hartzaileek tiragomarekin jaurti beharko dituzte gaztainak.

Gaztaina txapelketa

Gaztaina jaurtiketaren ostean, eguerdiko hamabietan, 11. gaztaina txapelketa jokatuko dute, zeinek hobeak bildu. Gaztainak eskualdean batutakoak izan behar dira, horixe baita txapelketan parte hartzeko baldintza bakarra.

Gaztainak kiloko multzoetan aurkeztu beharko dira, eta pare bat orduz ikusgai egongo dira azokaren gunean. Kiloko gaztaina gutxien daukanak irabaziko du txapelketa. 60 euro eta garaikurra eramango ditu irabazleak. Bigarrenarentzat eta hirugarrenarentzat sariak daude, eta dotoreen eta txukunen aurkeztutako multzoak ere sari berezia jasoko du.

Kurutzaga mendira igoera

Kirolarientzat ere badago plana. Kurutzaga mendirako igoeraren Gaztainaga sari handia egingo dute. 11:00etan irtengo dira, San Pedro plazatik. Sariak hiru mailatan banatuko dituzte: gizonezkoak, emakumezkoak eta herrikoak. Gainera, igoeraren marka gainditzen duenarentzat sari berezia dago.

Horrez gain, gaur, 20:00etan hasita, kirolaren inguruko berbaldia egingo dute udaletxean. Unai Llantada eta Ruben Peña izango dira hizlariak.

GAZTAINAGA EGUNA

Noiz. Etzi, domekan.

Non.Galdamesko San Pedro plazan.