Etxalde eta Burujabetzaren Aldeko Aliantza Euskal Herrian mugimenduek manifestaziora deitu dute biharko, Bilbon. ELB eta Bizkaiko EHNE sindikatuek bat egin dute mobilizazioarekin. Lehen sektoreko eragileak eta gizarte alorrekoak, burujabetzaren aldarria egiteko, elkarrekin mobilizatuko direla azaldu dute bi sindikatuek. 12:00etarako deitu dute manifestaziora.
Elikadura, herritarron eskubidea leloarekin aterako dira kalera. Aldarrikatuko dute munduko edozein pertsonak eskubidea duela elikadura osasuntsua izateko eta elikagaiak ekoitziz duintasunez bizitzeko. Salatu dute nekazaritza politika bateratuak nekazaritzaren industrializazioa bultzatu duela eta baserritarrak desagerrarazi eta gosea zabaltzen duen sistemaren aldeko apustua egin duela. Hori dela eta, elikadura burujabetasuna eskatuko dute.