Dimako Udalaren egoera ekonomikoa “larria” dela ohartarazi du hango alkate Rafa Ugaldek. Joan den martitzenean egin zuen iragarpena prentsaurrekoan. Egoera hori zailtzen duten zenbait faktore ere aipatu ditu. Batetik, esan du foru aldundiak finantza arazoak dituzten herrientzako onartutako neurriak ez direla baliagarriak egoera horri aurre egiteko. “Bizkaiko Foru Aldundiak 111/2012 foru dekretua onartu zuen zorrak ordaintzeko zailtasunak dituzten udalei mailegu berria zabaltzeko”, adierazi du. “Dimaren kasuan”, baina, “urtebetean zorra %13,6 murriztea lortu bada ere, aurtengo finantza zama aurrekontuaren %20ra iristen da eta zama hori handituko balitz, urtea negatiboan” itxiko luketela iragarri du.
Datu horiek eskuan, foru aldundiari “bestelako irtenbide bat” proposatzeko lanean ari direla aurreratu zuen Ugaldek. Konponbide alternatibo hori “udalaren egoera konprometitua” kontuan hartuko duen “ordainketa plan jasangarria” izango da.
Bestetik, BBKren jokabidea salatu zuen. “Aurreko legegintzaildian amortizatu beharreko zorra luzatzea erabaki zuen BBK-k eta interesak kobratzera mugatu da orain artean. Erakundeak irizpidea aldatzea erabaki du, ordea, eta 330.000 euroko zorra lehen bait lehen amortizatzeko eskatu dio udalari”, salatu zuen. Ugalderen esanetan, “Dimak 100.000 eurotik gora ordaindu dizkio BBKri azken urteotan interesetan. Aurten 132.000 euro interesetan eta amortizazioetan. Eta herriak egoera ekonomiko larria pairatzen duela jakin arren, jasangaitza den ordainketa” inposatzea leporatu dio aurrezki kutxari.
Hiru arduradun
Udalaren egoeraren arduradunak hiru direla deritzo Dimako alkateak. Aurreko udal gobernua aipatu du, batetik, “herriaren kontuak modu arduragabean zorpetu eta herritarren etorkizuna hipotekatzeagatik”. Kudeaketa “negargarriaren erantzule zuzenak” direla uste du.
Bestetik, finantza entitateei egin die aipamen, “zorrak amortizatu behar zirenean hala ez egitea onartu zutelako”. BBK izan zuen bereziki gogoan. 2007an udalari 725.000 euroko mailegua eman ziola ekarri du gogora. “Eta orain, egoera ekonomiko larrian dagoela jakitun izanik, aurretik zuen zorra kitatzeko exijitzen du, horretarako herritarren kontu publikoak ito behar baditu ere”, esan du.
Foru aldundiari, azkenik, “legez dagokion finantza tutoretza” ez betetzea egotzi dio: “Diruzaintza kontuak zergatik zabaldu ziren aztertu beharrean, kontuen gaineko kontrola eraman beharrean, maileguak jasotzeko bidea eman ziolako aurreko udal gobernuari, udaletxea modu onartezinean zorpetzera baimenduz”.