Bi urterekin iritsi zen Fatima Elkhalloufi (Maroko, 1983) Bizkaira. Bertatik bertara ezagutzen du zer esan nahi duen norberaren herrialdea utzi beharrak. Eta ikastetxeetan kultura artekotasuna eta errespetua lantzen ari da, Biltzen integrazio eta elkarbizitza zerbitzuaren bitartez, 10-13 urteko neska-mutilekin, integrazio tailerretan. Elkhalloufi bezala, beste herrialde batzuetako monitoreak ere ari dira. Durango, Zornotza eta Busturiko ikastetxeetan izan da hura, besteak beste.
Zertan datza integrazio tailerra eta nola lantzen dituzue?
Kultura artekotasunean eta kulturen arteko bizikidetzan datza tailerra. Kultura artekotasuna da guk lortu nahi duguna. Guk nahi duguna da gure kulturari buruz hitz egitea, ikasleek nondik gatozen jakin dezaten. Hala ere, haiek ere euren identitatea azal diezaguten gura dugu. Kulturen artean elkarrekin bizi gaitezen esaten diet nik, elkar ezagutuz. Hori da landu ohi dugun lehen gauza.
Beste gai batzuk ere badaude, ordea: immigrazioa, aurreiritziak, diskriminazioa, gatazkak eta gatazkok zelan konpondu…
Zenbat orduko tailerrak dira?
Sei ordu dira. Ikastetxearen arabera, antolaketa bat edo beste eskatzen digute: ordu eta erdiko lau saio, edo bi orduko saio bi… Gure tailerrak lau modulutan banatuta daudenez, lehenengo aukera litzateke egokiena, baina eskaeren arabera moldatzen ditugu. Moduluak ondokoak dira: identitatea, immigrazioa, gatazkak eta gatazken konponbidea, eta kultura artekotasuna.
Labur egiten zaizkigu, dena den. Sarri denbora gehiago nahiko genuke. Horregatik, ikastetxe batzuetan hurrengo urtean ere gure zerbitzua eskatzen dute.
Zein da helburu nagusia?
Elkar ezagutzen saiatzea; alde biek bestea ezagutzeko jarrera izan dezaten. Nik beti esaten diet: Zuek hemen zaudete, eta atzerriko jendea hartzen duzue. Pertsona horiek euren kulturak ezagutzera eman behar dituzte, baina bertokoek ere gu hobeto ezagutzen saiatzeko jarrera izan behar dute. Nire ustez, ezagutza eta informazioa dira elkarbizitzaren oinarriak.
Ikasleek zelan hartzen zaituzte?
Jakin-minez. Nik beti hasten ditut saioak azaltzen zelan gatozen, nondik gatozen… Biltzen integrazio zerbitzuak nahi du hitzaldiak ematen dituena immigrazioa bizi izandakoa izatea. Nik ez dut oso zuzenean bizi izan, 2 urterekin etorri nintzelako. Hala ere, nire familiaren bitartez ezagutu dut immigrazioa.
Nire aita zelan etorri zen azaltzen diet, hemen 40 urtetik gora egin dituela… Oso interesgarria iruditzen zaie. Eta hori da nahi dugun jarrera: haiek ni ezagutzeko nahia izatea eta nik nire errealitatea azaltzea. Leku bakoitzeko kulturak ezagututa, informazio gehiagoren jabe izanik, epaitzeko baliabide gehiago izango dituzte. Eta, orduan, aurreiritziei buruz mintzatzen gara. Sarri, ezagutzen ez ditugun gauzetan edo informazio eskasetan oinarritzen dira aurreiritziok.
Eta zer-nolako aurreiritziak dituzte etorkinei buruz gazteok?
Ez daukate aurreiritzi zehatz bat. Aurreiritzietako asko telebistak oker emandako informazioetan oinarritzen dira, esaterako. Telebistetan entzuten diren ohiko esaldi batzuk botatzen dituzte ikasle batzuek, baina ez dago aurreiritzi zehatzik.
Batzuetan, konturatzen gara gaiari buruzko informazio gutxi daukatela. Beraz, galdetu egiten digute: “Hau eta beste entzun dut”. Eta gu zalantzak argitzen saiatzen gara. Helburua da aurreiritzi horiek aldatzea edo, gutxienez, zalantzan jar ditzaten.
Izan ditzaketen aurreiritziak aldatu egiten dira tailerrak bukatu ostean?
Bai, tailerrak bukatzen ditugunean galdetu egiten diegu ea berdin pentsatzen jarraitzen duten, eta ezetz esaten digute: “Ez, nik hau edo beste hau uste nuen marokoarrei buruz, baina ezagutu egin zaitut, eta konturatu naiz gauzak ez direla horrela”.
Baliteke iritzia erabat ez aldatzea; bai, ordea, iritzi horiei buruz zalantzak sortzea eta euren kabuz pentsaraztea.
Hausnarketarako jarrera hori garrantzitsua izango da, ezta?
Hala da, bai. Euren kabuz pentsa dezaten nahi dugu, eta zalantzak argitzeko galderak egin ditzatela. Ez daitezela geldi jasotzen duten lehenengo informazioarekin. Iritzi asko eta informazio gutxi izateak elkarbizitzan eragina izan dezakeela jabetzea nahi dugu.
Gazte askok etxean entzuten dutena zabaltzen dute kalean. Zer-nolako hezkuntza ematen diete etxeetan?
Ona, esango nuke. Ez daukate aurreiritzi larririk. Zalantza batzuk bai, baina ideia txarrik ez daukate. Baliteke ideiaren batekin iristea tailerretara, baina ez dute fede txarrez egiten, errealitatea zein den ez dakitelako baizik.
Gauza bera gertatzen da ikastetxeetatik kanpo ere. Zerbait entzuten du norbaitek, eta galdetu egiten dizu hori hala den. Nire ustez, jendeak informazio gutxi dauka, baina ez fede txarra.
Zein izan beharko litzateke komunikabideen jokaera alor horretan?
Komunikabideen irakurketa kritikoa deritzon beste tailer bat ere badaukagu. Izan ere, komunikabideak modu kritikoan irakur edo ikus ditzaten nahi dugu. Hausnarketa egin eta informazio gehiago bila dezaten erakutsi nahi diegu, komunikabideen informazioa modu kritikoan ikus dezaten.
Azken urteetan arrazakeriak gora egin duela uste duzu?
Ez nuke horrelakorik esango. Gu geu ere gure gidoia aldatzen ari gara; izan ere, krisiaren ondorioz, immigrante bihurtzen ari dira bertoko asko. Jendea etorri badator, baina hemendik joaten ari direnak ere badaude. Beraz, etorkizunean guri ere egokituko zaigu hemendik joatea eta onartu egin behar gaituen jendearekin bizitzea. Enpatia da, beharbada, areagotu dena.
Jendeak, beraz, ulertu egiten du zer esan nahi duen pertsona batentzat bere herrialdea eta guztia utzi eta beste batera joan behar izateak?
Ikasleek ondo ulertzen dute. Eta gure bizipenen berri ematen diegunean, indartu egiten diegu ideia hori. Enpatia sortzen du, eta hil edo biziko erabaki bat dela ikusten dute.