Han-hemenkako argazkilariak

Durangoko Arte eta Historia Museoan Minutulariak. Kale-Argazkilariak erakusketa dago. Ez da ez argazki erakusketa arrunta; argazkietan ikusten denak baino gehiago, argazkiek berek baitute garrantzia.

Minutulariak argazkilari ibiltariak ziren. Hirietan zein herriz herri, egurrezko kamera handia hartuta, argazkiak ateratzen ibiltzen ziren argazkilariak, alegia.

Erakusketak ere hara eta hona darama bisitaria. Izan ere, garai eta leku ezberdinetako argazkiak bildu dituzte. Euskal Herrian ateratakoez gain, Madrilen, Andaluzian eta Indian egindako argazkiak daude ikusgai.

Argazki askotan, gainera, minutulariak ageri dira euren lan tresna alboan dutela. Esaterako, 1930eko hamarkadan Bilboko Plaza Eliptikoan egoten zen minutularia ikus daiteke, eta 1941ean Donostian gizonezko trajedun kuadrilla bati argazkia ateratzen ageri dena. Halaber, bost minutulari agertzen dira 1950. urte inguruan Urkiolako San Antonio egunez egindako erromeria batean.

Ganbera objektibodun ilunak

Kaxa moduko kamera handiaren barruan, zuri-beltzeko argazkien laborategitxo bat zeramaten. Bertan, argazkiak errebelatu, finkatu eta garbitu ostean, bezeroei ematen zizkieten argazkiak. Minutu batzuk behar izaten zituzten horretarako, eta, hain zuzen ere, horregatik deitzen zitzaien minutulariak.

Argazki xumeak egiten zituzten postal txartelekin. Haien helburua bizimodua ateratzea baitzen, eta ez argazki dotoreak edo ikusgarriak egitea.

Alabaina, haien jardunari esker, argazkigintza hiri eta herrietan zehar hedatu zuten. Erakusketaren antolatzaile Jose Mari Uriarteren berbetan, “herrietako erromerietara, azoketara, auzoetako ermitetara… edonora joaten ziren”. Jende asko batzen zen lekuetan egoten ziren. Erakusketan, adibidez, 1935. urteko uztailaren 21ean Durangon egin zen mitin karlista batean zegoen minutularia ikusten da.

Herriz herri ibiltzen ziren minutulari batzuk udaberritik udazkenera bitartean ibiltzen ziren argazkilari moduan, eta neguan beste lanbide batzuk zituzten. Hirietan zeudenek, ostera, leku finkoa izaten zuten, eta, oro har, urte osoan egoten ziren.

XX. mende hasieran sortu zen lanbidea da minutulariena. Ameriketatik Europara zabaldu zen. Ameriketako Cannon enpresak egiten zituen argazki makina horiek, eta, Europan, Berlingo enpresa batek erosi zuen patentea. Bartzelonan, Larriga enpresa hasi zen materiala kaleratzen (postalen paperak, markoak…). Gerra garaian, baina, material eskasia zegoen, eta, orduan, makina berriak egiten zituzten makina zaharren zatiekin.

1913an Donostiako Novedades aldizkarian Gane mucho dinero lelopean iragartzen ziren minutularien zurezko argazki makinak. Askok, baina, erosi beharrean, nolakoak ziren ikusi eta haiek egiten zituzten. “Esan liteke bakoitzak modelo propioa zuela”, dio, barrez, Uriartek.

Garai batean, sekulako arrakasta izan zuten. 1930eko hamarkadan, esaterako, Madrilen 300 minutulari inguru zeuden. Alabaina, pixkanaka, lanbide honen gainbehera heldu zen, 1970eko hamarkadan ia guztiz desagertu arte. Argazkigintzak izan duen garapenaren ondorioz desagertu ziren. Batez ere, Polaroid kamerak sortzeak eragin nabarmena izan zuen minutularien lanbidean. Uriartek dio: “Minutulari asko, haien argazki makinak albo batera utzi, eta Polaroidarekin lan egiten hasi ziren”.

Hain zuzen ere, horixe gertatu zitzaion Durangoko erakusketan dagoen argazki makinaren jabeari ere. 1980ko hamarkadan erosi zion Uruguain Pedro San Roman abadiñarrak. 2.000 pezeta inguru ordaindu zuen.

Gaur egun, badaude zenbait minutulari. Horien artean ospetsuena da Angel Roman Allas segoviarra. “Espainiako azken minutulari moduan da ezaguna”, azaldu du Uriartek. Izan ere, 1942. urtetik minutu kamerarekin lanean dabilen bakarra da.

Servando Juez Reyesek ere makina bat urte eman zituen lanean Eibarko Unzaga plazan. Burgosen (Espainia) jaioa da, baina Eibarren bizi izan zen gaztea zenetik. Erakusketan 1968ko argazki batean ikusten da kamera eta guzti.

Gazteagoek ere hartu dute ogibidea, eta gehienak Madrilen finkatu dira. Horien artean, Enrique Peña aipatu du Uriartek. Azken urteotan Euskal Herriko jaietan ibili dela kontatu du: “Bilboko Aste Nagusian topatu nuen duela lau urte, eta argazki bat ateratzeko eskatu nion”.

Erakusketa urriaren amaiera arte dago. Bertaratzerik ez duenak, ostera, minutularien jarduna ezagutzeko aukera badu erakusketaren izen bereko liburuan.