“Ez dugu 25 urterekin irabazi ez genuena irabazi nahi orain”

San Tomas jaietako egun handia ospatuko dute bihar Armintzan (Lemoiz): Sukalki Eguna. Goizean goizetik, dozenaka lagun gerturatuko dira Lemoizko auzo arrantzalera, hango jaietako giro lasai eta herrikoiaz bustitzeko, eta lapikoen usain gustagarriaz gozatzeko. Baina Armintza itsasora begira bizi den auzoa da, eta bihar ere itsasoari so egongo dira lagun asko. Izan ere, 09:00etan aurrera estropadak hasiko dira portuan, eta ezohiko arraunlariekin gainera: Beteranoen Ligaren azken estropadan lehiatuko dira Armintzako uretan.

Han izango da Jose Ramon Basterretxea Batu algortarra, Getxoko traineruan olatuei aurre egiten. Orain bederatzi urte lehiatu ziren beteranoen arteko lehen estropadan, Basterretxea tartean zegoela. Euskal Herrian beste hainbat ohitura legez, beteranoen arteko estropadak desafio baten ondorioz sortu zituzten: “Sasoi hartan gure taldea Algorta deitzen zen, eta Arkoteren aurka estropada egitea pentsatu genuen”. Algortarrek eta plentziarrek itsasoan ordua jarri, eta Basterretxearen taldeak lortu zuen txapela. Baina, haren ustez, horrek ez du gehiegi inporta: “Gure artekoa ez da txapelketa lehiakorra, ez dugu orain irabazi nahi 25 urterekin irabazi ez genuena”.

Sailkapen eta sarien gainetik, ondo pasatzea da beteranoen lehentasun nagusia. Irabazteko nahiak aspaldi utzi zituzten azken ziabogan. Arrauna dute afizio eta pasio. “Niretzat, garrantzitsuena arraunarekin gozatzea da. Bandera bat irabazten badugu, ederto. Bestela, estropadaren ostean beti izango dugu bazkari eder bat zain!”. Boga egitea eta bazkariak. Beteranoen Ligan ia-ia ezinbesteko baldintza da hori: estropaden ostean indarrak hartzeko lagun artean bazkaria antolatu. “Hori da gure filosofia, bazkari horietan arraunari buruz egiten dugu berba, aspaldiko garaiez… edo kantuan, bestela!”. Bazkarietakoa bai izaten dela estropada ederra. “Batzuek 18:00etan alde egiten dugu… baina badira gauerdiak jo arte geratzen direnak!”.

Lehenengo estropada orain bederatzi urte egin zuten Plentzian, baina lagun arteko desafioa forma hartuz joan zen apurka. “Alemaniako Ulm hirira gonbidatu gintuzten erakustaldia egitera, Bordelen ere egon gara… Danubion arraun egin dugu. Oso esperientzia polita izan da, errepikaezina”. Algortako Portu Zaharreko jaietan ere estropada antolatzen hasi ziren, eta beteranoen arteko jolasa forma eta izena hartuz joan zen, azkenean profesional bihurtu ziren arte. Duela bost urte, Arraunlari Beteranoen Elkartea sortu zuten. Basterretxea eta Jose Antonio Zubizarreta Zubi algortarra izan ziren Ligaren bultzatzaile nagusietakoak. “Baina gure asmoa beti izan da filosofia berberagaz jarraitzea, Liga izan ala ez. Pena litzateke orain hori galtzea”.

Basterretxeak beti eutsi dio filosofia horri. Gaztea zenean Algortako taldean ibili zen arraunlari, eta gero zuzendaritzako kide izan zen. Betiere, Algortari lotua; algortar peto-petoa baita Batu: “Eta harro, gainera! Nire nortasun agirian Algorta jartzen du”.

Eta estropadak bere pasio nagusia izanik, urteak ez ditu oztopo izan bogan jarraitzeko. Getxoko taldearen batez besteko adina 54 urtekoa da, eta astean birritan entrenatzen dira. “Gogorra da, baina, gure artean dugun giro hutsagatik, merezi du”. Arkoten 68 urteko arraunlaririk ere badago, baina Ligan parte hartzeko beharrezkoa da lehenengo medikuaren aurretik pasatzea. “Hori gutxieneko baldintza da. Badakigu horrek ez duela esan nahi ezbeharrik gertatu ezin daitekeenik. Lehengo batean, Angeluko [Lapurdi] estropadan arraunlari bat konorte barik geratu zen”.

Erretiratzeko gogorik ez

Basterretxeak 61 urte ditu, eta hurrengo urtean ere parte hartzeko asmoa du: “Medikuak kontrakoa esaten badu, dena den, beti dago aukera taldearekiko loturari eusteko, hainbat zereginetan laguntzen. Hala ere, laster, bidea utzi beharko diegu gazteei… Beterano gazteei, noski!”, dio barre zantzo artean.

Arraunlariek beti izaten dituzte euren emazteak laguntzen, algortarrak azpimarratzen duen legez. Euren zale fidelenak dira, eta beharrezkoa denean laguntzeko prest agertzen dira: “Emazteei omenaldi xume bat prestatzekotan ibili gara, euren laguntza eskertzeko”.

Euren helburua ez dela irabaztea behin eta berriz errepikatzen duten arren, bihar, ostera, lehia bizia egongo da Armintzan. Ligaren azken estropada da; denboraldiari txapela jartzeko unea: “Irabazlea Zierbena izango da, eta bigarren Pontejos lotuko da. Baina hirugarren postuan Arkote dago, eta puntu bakarraren aldea ateratzen dio Getxori”. Aspaldiko lehiakide zaharrak, berriro ere, aurrez aurre. Arkotek mendekua hartzeko aukera izan dezake. “Hori bai, gero Armintzako frontoian talde guztien artean bazkaria egingo dugu. Zelan ez!”.