Plentzia, Barrika eta Gorlizko urak batzen diren tokian ezohiko upategi bat dago. Itsasoan 16 metroko sakoneran dago kokatuta, eta ardoaren zahartze prozesuaren ikerketari emana dagoen itsaspeko laborategia izateaz gain, itsasoko biologia ere aztertzen du. Bajoelagua Factory enpresa da egitasmoaren sustatzailea.
Enpresako zuzendari Borja Saratxoren esanetan, antzinako itsasontzien ideiatik dator proiektu berritzaile hau. “Galeoiek hainbat motatako edariak garraiatzen zituzten, eta garai hartan ez zegoenez nabigazio sistemarik ezta kartografiarik ere, itsasontzi asko urperatu egiten ziren. Teknologia berriak eboluzionatuz joan ziren heinean, gizakiak itsas hondora iristea lortu zuen. Orduan, itsasontzi zaharretako botilak berreskuratzen hasi ziren, eta ireki zituztenean, nahiz eta asko itsasoko urez beteta egon, aurkitzaileak harrituta geratu ziren beste hainbat botilaren kontserbazio maila onarekin eta edariek zuten zapore atseginarekin”. Whiskia, ardoa eta xanpaina berreskuratu izan dira, eta ondoren, enkanteetan prezio ikaragarriengatik saldu. Baina, kontserbazio ona izateaz gain, urpeko edarien eboluzioa eta upategietako edariena oso ezberdinak zirela igarri zuten.
Urperatutako itsasontzi zaharretatik berreskuratutako botiletan dago inspiratuta Plentziako egitasmoa. Itsas hondoko edarien eboluzioa egia zen ikusteko ikerketa proiektu bat antolatzea proposatu zioten Saratxok eta enpresako gainontzeko kideek Plentziako Udalari 2008an. “2010ean, itsas hondoan aritzeko baimena lortu genuen, eta jarraian, 27 upategik emandako jatorri izeneko 14 edari murgildu genituen”. Bi urtean, botila horiek hiru hilabetetik behin atera zituzten eta uretatik kanpoko botilekin alderatu. “Horrela, edariek zelako eboluzioa izan duten ikusten dugu, maila organoleptikoan eta baita laborategian ere”.
Urpeko edariei hainbat analisi egin ondoren, osasun erregistroa lortu zuten, edariak produzitzeko ezinbestekoa. “Hainbat upategirekin kontaktatu genuen, gurekin ardoa produzitzea interesatzen ote zitzaien galdetzeko”. Ezezko edo baiezko erantzunik gabe, euren marka sortzea erabaki zuten: T Crusoe Treasure.
Hamar MEC Monitorizazio, Zahartze eta Kontrol modulu dituzte ur azpian, kostatik 400 metrora. Denboraleak eragindako itsaso zakarra egon den arren, urpean dituzten moduluak ez direla apenas mugitu dio Saratxok. “Hasieran, horri buruzko zalantza asko geneuzkan, baina ez dugu inolako arazorik izan. Gainera, MECen teknologia garatuz eta hobetuz doa egunez egun”.
Egitasmo berritzailea izanik, diru laguntzak jaso dituzte Eusko Jaurlaritzatik, eta baita Plentziako Udaletik ere. Gainera, Plentziako Udala bi moduluren jabe da, “edari mota baten ikerketarako erabiltzen dira, eta guk ustiatzen ditugu; gainerako modulu guztiak geureak dira”, azaldu du Saratxok.
Kantauri itsasoko urak ezaugarri ezin hobeak ditu edarien zahartze prozesurako. Hala dio Saratxok, behintzat: “Uraren mugimendu handiak zahartze prozesua azkartzen du, eta tenperatura konstanteak produkzioa kontrolatzen laguntzen du, ardoa larregi alteratu gabe”.
“Proiektu hau aitzindaria da mundu osoan. Botilak urpean sartu izan ditu jendeak lehenago ere, baina azpiegiturak eta sentsoreak dituen lehenengo urpeko upeltegia da Plentzian duguna”. Ikertzen jarraitu nahi dute, ez urpeko edarien eboluzioa soilik, baita itsasoko bizitzarena ere.
Urpeko upategi hau itsas hondoaren lehengoratze prozesuan laguntzen ari da: laminaria izeneko algak, esaterako, Kantauri itsasotik galdurik zeuden, eta berriro ere haz daitezen lortu dute. “Enpresako biologoa txundituta dago upategiaren eragin ekologikoa dela eta”. Udan, Kataluniako Ikerketa Zientifikoen Batzorde Goreneko (CSIC) kide batzuk egon ziren, sortu den arrezife artifiziala ikusten.
Merkatua zabalduz
Saratxok dioenez, egitasmoak erantzun ona izan du mundu mailan, baina batez ere “interesari dagokionez”. “Ez dugu enpresaren prezio politika guztiz zehaztu, eta horregatik ez dugu kontraturik oraindik”. Merkatuak nola dabiltzan aztertzen ari da Bajoelagua Factory, eta herrialde bakoitzerako hamabost kuota lotu dituzte. “Oso produkzio txikia dugu, eta hainbat herrialdek eskaria egin digutenez, kuotak egin behar izan ditugu”. Multzo mugatuak egiten dituzte, ez baitiote saldu nahi produkzio guztia herrialde bati. “Ez diegu salduko guztia amerikarrei, Txinan eta Errusian ere egon nahi dugulako”. Dena den, datorren urtetik aurrera produkzioa handituz joango dira. Adibidez, Txinan. Izan ere, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko hiru ikaslek galdetu zieten interesatzen ote zitzaien produktua handik mugitzea. Saratxok dio, ikasle hauei esker, Shanghaiko hainbat enpresarekin harremanetan jartzea lortu dutela.