Nekazaritza, ezinbestean, lurrari lotuta

Lurrak profesionalki ustiatu nahi dituzten nekazarientzako eta abeltzainentzako lur publikoak eskaintzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, EHNE sindikatuak urteetan egindako eskaera bati erantzuna emanez. Eremu horietako bat eskuratzeko, “urteko errenta ordaindu behar dute” erabiltzaileek, eta eremu horri “ezarritako nekazaritza jarduera mantendu”, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Orain arte, bi bider alokatu dituzte era horretako lurrak: Iaz, sei lur eremu banatu zituzten eta aurtengo udaberrian, beste lau. Horrez gain, foru aldundiak azaldu duenez, joan den uztailean bukatu zen beste lau lursailen eskaera egiteko epea. Orain arte banatutako eremuetako bederatzi Busturian eta Bermeon daude, eta azkena, Galdamesen. Banatu behar diren beste lau lursailen kasuan, bat Arrankudiagan dago, bi Mundakan daude, eta azkena, Busturian.

Bizkaiko EHNE sindikatuak Lurren Funts horren interpretazio “positiboa” egiten duela azaldu du Unai Aranguren bertako kideak. Izan ere, nekazaritza edo abeltzaintza landu nahi dutenentzat arazorik handiena “lur falta” dela dio.

Hala ere, foru aldundiaren jarduerari kritika ere egin dio: “Oso astiro doa prozesua, eta gazte gutxirekin jarri dute martxan funtsa. Bederatzi-hamar pertsonak baino ez dituzte lortu lurrak”, esan du. Lur eremu bat eskuratzeko funtsean 40tik gora lagun daude izena emanda.

Horrez gain, euren helburua zen gazte batek Lurren Funtsera joz gero emango zitzaion lur eremua bere eskualdean egotea. Prozesua beste era batera egiten dela salatu dute: “Begiratzen dute non dauden erabiltzen ez diren lurrak, eta horiek eskaintzen dituzte”. Jarduera horrek “arazoak” sortzen dituela deritzo Arangurenek: “Karrantzako gazte batek lurrak nahi baditu, Lekeitioraino, esaterako, ez da mugituko”.

Eredu intentsiboaren aurkako jarrera ere azaldu du. Hain zuzen, foru aldundiak egiten dituen hektareen banaketak gaikakoak direla esan du: “Nekazaritza ez da hektarea batean ortua, beste batean fruitu arbolak… landatzekoa”. Foru aldundiak “eredu intentsiboaren filosofia” darabilela deritzo. “Guretzako onena da ahalik eta dibertsifikatuen lantzea eremuak eta salmenta zuzena bultzatzea”, azaldu du.

Bizkaiko EHNEko kideek uste dute administrazioa jabetu egin behar dela nekazaritzan aritzeko beharrezkoa dela lurrak eskuratzea. Horiek eskuratzea, baina, oso garestia da. Horregatik Lur Funtsaren garrantzia. Gainera, azaldu du azken urtean izugarri egin duela gora sindikatura nekazaritza lantzeko aukerei buruz galdetzera joan direnen kopuruak.