Labayru ikastegiak euskara ikasten dabiltzanentzako material didaktiko berria argitaratu du. Atzo eguerdian egin zuten aurkezpena, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian daukan egoitza nagusian. Aditu! izeneko sailean, hirugarren zenbakia atera dute, Aditu! 3 izenekoa.
Ana Oar-Arteta egileak azaldu duenez, helduentzako euskalduntze prozesuko lehen urratsetan erabiltzeko ikasmateriala da. HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari eta ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako markoari erantzuten diola azaldu dute. Aurretik kalean dauden Aditu! eta Aditu! 2 ikasmaterialen jarraipena da Aditu! 3. Materialak hiru osagai ditu: ikaslearen lan koadernoa, irakaslearen gidaliburua eta entzunezko material osagarriak, CD batean jasota. Ikasmateriala euskalduntzeko A2 mailari dagokio. Hau da, euskararen oinarriak finkatu gura dituztenentzat da.