Eskariaren araberako mugikortasunera egokitu beharraz jabetuta, Hiriko proiektuaren bigarren autoa aurkeztu dute. Europako Parlamentura, Bruselara (Belgika), eroan dute; Ialai du izena. Elektrikoa %100ean, eta hiri handiek dituzten mugikortasun arazoei irtenbidea emateko sortu dutela azaldu dute proiektuaren arduradunek.
Bizkaiko hainbat enpresak parte hartu dute ekimenean, tartean, Bermeon dagoen DenokInn berrikuntzarako zentroak. Erakunde publikoek bultzatutako DenokInn enpresa Hiriko proiektuaren barruan dago hasieratik. “Hain zuzen, negozio ereduaren garapenaz arduratu izan gara”, DenokInneko zuzendari Carlos Fernandezek azaldu legez. Bruselan izan zen bera, Ialai autoaren aurkezpenean, “eta Ialai zer den eta zertarako sortu dugun azaldu nien Europako zein nazioarteko hainbat herrialdetako ordezkariei”. Ehun bat lagunen aurrean eman zituen azalpenak Fernandezek, “eta interes handia erakutsi dute”.
2013.urtean, maiatz aldera, hasiko dira testak egiten hiriburuetan; tartean, Gasteizen. Autoaren aurkezpena, baina, martxoan egingo dute, Genevako azokan, eta, behin aurkezpena eginda, enkarguak hartzen hasiko direla azaldu du Fernandezek.
“Gurpildun robota”
Enpresen arteko elkarlanean oinarritutako partzuergoa osatuta sortu zuten taldea. Zein bere arloan espezializatuta, Hiriko auto elektrikoen eredua diseinatzeko batu ziren. Partzuergo horretan Bizkaiko hainbat enpresa daude: Zornotzan dauden Ingeinnova automotive eta Forging Products edota Etxebarriako TMA, esaterako. Partzuergo hori ere DenokInnen iniziatibaz sortu zen.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan teknologia aldetik dagoen gaitasuna handia dela dio DenokInn enpresako zuzendariak, eta hori berori Bruselan erakutsi gura izan dute. “Produktu konplexua eta garatua” da Parlamentura eraman dutena, Fernandezen esanetan. Ialai autoak teknologia aldetik berritasun handiak dakartzala azaldu du: “Gurpildun robota da”. Elektronikoki gidatzen den autoa dela dio Fernandezek, “bolantea baino jolasen agintea ematen duen gailuarekin”. Horrez gain, Ialairen gurpilak guztiz independenteak direla azaldu du DenokInn enpresako zuzendariak: “Trakzio motorra dute, baita suspentsioa, direkzioa eta galga ere”.
Kontsumoagatik ordaindu
Autoa erakusgai izan da Europako Parlamentuan. Hurrengo urtean hiriburuetan probatuko dute autoa. “Gehienez, 20 auto bidaliko ditugu mundu zabaleko hainbat hiriburutara, eta testak egingo ditugu, autoaren funtzionamendua ikusteko”. Era berean, herritarrek garraio mota hori erabiltzeko ohitura hartzen duten ala ez aztertu ahal izango dute: “Ialai autoa hiriburuko edozein lekutan hartu ahal izango du erabiltzaileak, eta gura duen lekuan utzi. Gainera, autoagaz egiten duen ibilbideagatik ordaindu beharko du, eta ez autoa duen ordu kopuruagatik”. Hau da, Ialai autoa aparkatuta duen bitartean erabiltzaileak ez du kontsumorik egingo.
Bi lagunentzako lekua duen roadsterra da hiribueruetan garraio publikoaren osagarri izatera datorren Hiriko autoen bertsio hori. Behin proba garaia igarota, hiriburuak eurak izan beharko dira eskaera egin beharko dutenak. “Kudeaketa, gero, administrazioak eraman beharrean horretaz arduratuko den enpresa baten esku utziko dute”.
Eskaeraren araberako mugikortasunari erantzuna ematea da proiektu horren bultzatzaileen asmoa, eta garraio publikoan kontzeptu eta alternatiba barriak garatzea. “Hala, hirira nor bere autoan joan beharrean, trenez edo autobuses joan daiteke haraino, eta hiriburuan bertan Ialai autoa hartu”.
Hiriko bertsioa da Bruselan izan dena, baina norbanakoengan pentsatutako bertsioa ere aterako dute. Bitartean, Euskal Herrian garatutakoa nazioartean eta mundu osoan ezagutaraziko dutela azaldu du DenokInn berrikuntza, ekintza eta enpresa berriak sortzeko zentroaren zuzendariak.