Golak eta tortillak

Tortilla gozoa prestatuko ziola esan zion senarrak andreari. Aspaldian jan duzun tortillarik gozoena. “Laga neuri” gehitu dio ezkaratzean sartu, atea erdi itxi eta irratia martxan jarri duenean. Perretxikoak, piper gorriak, tipula eta alberjinia txikitu ditu banan-banan; begiak aiztoari eta belarriak irratiko esatariaren komentarioei adi dituela. Real Madrilek eta Barçak jokatzen dute, urteko partidua omen da, galdu ezinezko zita. Ezin ikusi etxeko telebistan ordea, eta ez da animatu beheko tabernara bakarrik joatera. Horregatik jarri du martxan ordenagailua, kanal internazionalen batetik partidua ikusteko. Ingelesez eta diferituan. Abantaila horretan ere. Batetik, bere ingeles herdoildua proban jarriko du eta bestetik, irratitik jokaldi interesgarriren bat aitatzean egongelara joateko astia izango du, aurrez esatariak emozioz kontatua bere begiz ikusteko.

Orduan heldu da kaletik andrea. Gustura aurkitu du senarra bere saltsan. “Oinetakoak kendu eta jateko moduan egongo da hau” esanez agurtu du iritsi berria. Horrela egin du andreak eta ezkaratzera sartu da tortillari buelta emateko unean.

Madrilekoen lehen gola ailegatu da justu orduantxe eta senarrak sutatik aldenduta baina bere horretan utzi du tortilla, ziztu bizian egongelara joateko. Zartaginari begira geratu da andrea, buelta eman edo ez eman. Arrapaladan agertu zaio berriz gizona. Tortillari buelta eman eta irribarre bat eskaini dio, irrati esatariarekin hizketa beroan jarraitzeko.

Bigarren gola entzun da handik gutxira. Messik sartu omen du. Ikusgarria, ikaragarria, jokaldi bikaina… eta egongelara ihes egin du berriz gizonak. Andreak tortilla platerera atera du bitartean. Ez dauka batere itxura txarra. Lau zatitan banatu du. Eta mahaian eseri da gizonaren zain. Basoak urez bete, ogia moztu… dena dago prest afaltzen hasteko.

Senarrak berragerpen bat egin du sukaldean, eta tortillari mokadu bat kendu dio. “Ni bai sukaldari fina” esan du. Sardexka hirugarrenez ahora sartu orduko, hirugarren gola iragarri du esatariak. Aringaringa utzi du berriz mahaia.

Bien bitartean, emazteak murtxikatzen jarraitu du. Zergatik ezagutzen ote dituen inongo interesik sortzen ez dioten jokalarien bizitza eta zertzeladak. Zergatik hitz egiten duen bere senarrak irrati esatariarekin, zer eta berarekin baino gehiago. Zergatik izan behar duen futbolak bere ezkaratzeko soinu banda.

Andreak bere bakardadean murtxikatzen jarraitzen du. Laugarren gola sartu dute. Senarrak ordenagailuko pantailari adi jarraitzen du egongelatik. Eta murtxikatzen andrea, ondoko platerean hozten ari den tortilla zatiari begira.

Minutu batera bueltatu da gizona ezkaratzera. Irribarretsu, urduri, gose… eta andrearen platerari begira geratu da instant batez. Garbi eta zuri dago. Berea bezala. Ogiz ondo igurtzia.

Eta andreak ez du besterik esaten asmatu: “Gol”.