Eskualdeko euskara, sarean

Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugaoko udalek duela hiru urte jarri zuten martxan Zuztarretatik ahora proiektua. Nerbioi-Ibaizabal eskualdean euskara eta mendeetako tradizioak utzitako ahozko kultura ondarea berreskuratu, gorde eta zabaltzea da proiektuaren zeregina. Urtez urte pausoak emanez joan dira, eta aurten ere material berria plazaratu dute. Euskarriei dagokienez ere salto egin dute, Interneten Zuztarretatikahora.com webgunea martxan jarrita. Aurtengo beste bi materialak eskola agenda eta kanta bat izango dira.

Eskualdeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeen artean banatuko da eskola agenda. Eduki etnolinguistikoak transmititzeko bitartekoa izatea gura zuten proiektuaren arduradunek. Egunez egun egin beharrekoak jasotzeko aukera eskaintzen du, beste edozeinek bezala. Baina baditu beste hainbat berezitasun. Egitasmoari esker batutako berbak eta esaerak uztartu dira haren orrietan. Baita asmakizunak eta hezkuntza prozesuan interesgarri suerta daitezkeen webguneen erreferentziak ere. Eta hilabete aldaketarekin, oparia: Gotzon Barandiaran idazle larrabetzuarrak idatzitako hamar ipuin jasotzen dira, hasi irailean eta ekainean udako oporrak hartu arte. Irudiak Angel Dominguez ilustratzaileak egin ditu.

Kanta bera ere elkarlanaren fruitua izan da. Arkaitz Estiballesek jarri dizkio hitzak, eta Xabier Zabalak sortu dio musika aproposa. Alberto de Abajo egitasmoko kideak azaldu duenez, hitz horiei ahotsa jartzen eskualdeko herritar andana ibili da. Garate estudioetan grabatu dute, eta martxan jarri duten webgunean bertan dago entzuteko zein hartzeko aukera. Sakelako telefonoetan doinu moduan erabiltzeko bertsio berezi bat ere grabatu dute, gainera.

Aititeren eta haren bilobaren arteko solasaldi sentibera batekin hasten da kanta. Bigarren zatian, euskara erabat erabilgarri eta baliagarri den testuinguruen aipamena egiten du: erromeri alai batean, etxean, eskolan, euskaltegian zein tabernan. Eta, azkenik, erritmo bizi bat erabilita euskaraz bizitzeko aldarria egiten da, “euskaraz bizi nahi dugu!” ozen oihukatuz.

Webgunean, kanta hori ez ezik, bestelako edukiak ere aurkitu daitezke. Adibidez, hasieratik hona eskualdean egindako grabaketak daude entzungai. Orbelak airez aire gida didaktikoaren eta kantu bildumaren abesti eta edukiak ere sarean jarri dituzte. Gainera, eskola agendan dauden ipuinak bideoz ikusteko aukera egongo da, eta agendako berben esangurak, esaeren adibideak, kanten audioak eta enparauak ere ez dira faltako.

Arduradunen esanetan, Nerbioi-Ibaizabal eskualdean ondare, hizkuntza eta kultura arloan egiten den guztiaren ispilu izan gura du webguneak. Erabiltzaileek edukietan parte hartzeko aukera ere izango dute.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura foru ahaldunaren esanetan, “eskualdeko aberastasun guztia batzeko ahalegina da” Zuztarretatik ahora. Horretarako, udaletako teknikariek lan itzela egin dute bateko eta besteko euskaldunekin elkartu, berba egin eta haiek gordeta baina bizirik mantendu duten guztia biltzeko asmoz. Aurretik Zuztarretik ahora DVDa eta Orbelak airez aire gida didaktikoa argitaratu dituzte, eskola zein familientzat.