“Buruan borroka baino ez zuen herria erabat aldatu zen merkataritzari esker”

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, hainbat hitzaldi, bisita gidatu eta erakusketa antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak. Denek 1475 eta 1525 arteko Bizkaiari erreparatzen diote. BizkaiKOA kultura ondarea hedatzeko foru aldundiaren azpiegituren kudeaketarako enpresa publikoaren arduraduna da Asier Madarieta (Ea, 1969) historialaria. Jardunaldiotan hainbat ekitaldi antolatu ditu Arkeologi Museoak, eta bertan hartu du Bizkaiko Hitza; garai hartako herrialde historikoari argazkia egiten ahalegindu da, hitzaldietan jorratuko dituzten arlo gehienak azalduz.

Jardunaldiotan, leinuen arteko gerra osteko sasoia izaten ari da ardatza. Zelangoa izen zen gatazka hori?

Garcia Salazarrek idatzita utzi zuenez, nagusi nor zen jakiteko egin zen gerra. Hau da, familien artean zeinek menperatzen zuen lurralde zatirik handiena. Garai hartan, Bizkaia krisian zegoen, Europa osoa bezala. Ahaide nagusiak batu egin ziren, lurrak ematen dituen etekinak hartu guran, ahalik eta lur eremu handiena euren menpe izateko. Diru iturri bakarra nekazaritza zen. Jauntxoek ahalik eta jende gehien eduki nahi zuten menpean, diru gehiago lortzeko.

Zein dira leinu horiek?

Jauntxoak oinaztarren eta ganboatarren artean banatu ziren. Bizkai osoa zatitu zen batzuen edo besteen alde zeudenen artean. Eskualde bakoitzak bazuen nagusi zen familia bat, eta sendi horietako bakoitza oinaztarren edo ganboatarren alde jarri zen.

Zelan bukatu zen gerra?

Hainbeste arrazoi daude. Alde batetik, errege-erregina katolikoek bakea ezarri zuten, indarrez. Ikusten zuten euren erresumen batasun prozesu horretan arazoa zela ahaideen arteko gatazka hura. Gainera, ez zuen garapen ekonomikoa bultzatzeko aukerarik ematen. Euren indarra finkatzeko modu bat ere bazen bakea ezartzea, bakeagaz batera, Bizkaian zuten agintea ere egonkortu zutelako.

Beste alde batetik, oso garai oparoa izan zen. Gaztela aldetik, Bizkaian barrena, Europarako merkataritza jario itzela zegoen, gerra sasoitik. Gatazkak oztopatu egiten zuen merkataritza hori, eta errege-erreginek bakea behar zuten, goi ordokiko produktuak, batez ere artilea, Europara hemendik eramateko. Ahaideak eurak ere konturatu ziren horretaz. Negozioa zegoela ohartu ziren, eta eurak ari zirela negozioa trabatzen. Ordura arte borrokan zebiltzan ahaideak, baina diru iturri berria ikusi zuten; horrek funtzionatzeko, ordea, bakea behar zen.

Gerra osteak zelako Bizkaia utzi zuen? Zertan aldatu zen?

Bakeak garapen ekonomiko, kultural eta sozial itzela ekarri zuen. Hemen ez zegoen estatu egiturarik; bizkaitar denak jauntxo batzuen edo besteen babes bila zebiltzan, eta leinuak, kontrola lortu guran. Hori zen Bizkaia, XV. mende bukaera arte. Garai hartan, merkataritza bizkortu zen: Flandesera Gaztelako produktuak eramango ziren, eta handik oihalak ekarri. Bitartean, Bizkaiak bere burdina esportatzeko aprobetxatu zuen. Horretarako, garraiobideak sortu behar ziren, garraiorako jendea behar zen, itsasontziak behar ziren, itsasontziak sortzeko beharginak, hara eta hona dabilen jendeari jaten eman behar zitzaion. Ikusten denez, merkataritzatik zuzenean lortutako etekinei zeharkako asko ere gehitu zitzaizkien.

Ahaide nagusiek zelango rola bete zuten Bizkaia berri honetan?

Borrokan zebiltzan ahaide nagusiak merkatari bihurtu ziren. Horren adibide argi bat, jardunaldietan sarri agertzen dena, Aranzibiatarren dorrea da, Berriatuan. Borrokarako sortu zen, baina XV. mende bukaera hartan jauregi bihurtu zen. Eta horrekin batera, badira gehiago: Madariaga dorretxea Busturian, Ertzilla dorrea Bermeon… Buruan borroka baino ez zuen herri bat, beldur zena, erabat aldatu zen merkataritzari esker.

Gizartean zer aldatu zen?

Deseginda dagoen lurralde bat zen, baina, gero, hazkunde demografiko itzela izan zuen. Gero eta janari gehiago behar zen, eta, horretarako, lur berriak landu behar ziren. Horrek baserri ingurura ere oparotasuna ekarri zuen, eta aurretik eraikita zeuden baserriak hobetzeko modua eman zuen. Herriak ere txiki geratu ziren. Hainbesteko populazioarekin, hildakoen gorpuak ez ziren elizetan kabitzen, eta handitu egin behar izan ziren. Gotiko bukaerako estiloa erabili zuten horretarako, eta jardunaldietan hainbat adibide ezagutzeko aukera dago: Larrabetzukoa, Xemeingoa, Gueñesekoa, Gernikakoa…

Hiribilduak ugarituz joan ziren?

Aurretik sortuta zeuden, baina garai horretan indar itzela hartu zuten. Gaztelako errege-erreginek bereziki hiribilduetan zuten babesa, ez lur lauan. Hiribilduak bide nagusien bazterretan zeuden, komunikazioa kontrolatzen. Horri esker, adibidez, Lanestosak, Balmasedak eta Urduñak sekulako bultzada jaso zuten.

Bilboko Euskal Museoan garai hartako industrializazioaren inguruko erakusketa duzue. Zelangoa izan zen prozesu hori?

Burdinolek garapen itzela izan zuten orduan. Ahaide nagusietako askok horretan inbertitu zuen euren dirua. Teknologian asko aurreratu zen, garai hartarako. Bizkaiak bazeukan merkataritza sare horretara gehitzeko produktu bat: burdina. Eskaera zegoen, eta bazegoen eskaera horri nola erantzun. Hori izango litzateke Bizkaiak izan duen lehen industrializazio prozesua. Gerora etorri zen garrantzitsua: XIX. mendekoa, globala, labe garaiena eta industria astunarena.

Baserri inguruan nola eragin zuen aldaketa horrek?

Ordura arte, nekazaritzan etxerako ekoizten zen, baina, garai hartan populazioa hazi zenez, jende asko elikatu behar zen. Plaza eta merkatuetara jotzeko aukera sortu zen; produktuak saltzen hasi ziren. Horri esker, baserriek ere jauzi egin zuten. Gerra sasoian, irautea zen helburua; bakeak, ordea, hobeto bizitzeko aukerak bilatzera bultzatu zituen. Ameriketatik geroago etorri ziren produktu berriak. Baina dagoeneko erabiltzen ziren horiek gehiago landatzen ziren. Eraikinetan euretan ere nabaritu zen oparotasuna. Arkuak, leiho dotoreak eta bestelako apaingarriak agertu ziren baserrietan. Bizilekuari beste presentzia bat ematen ahalegindu ziren.

Kaperatasun unibertsalaren defentsa egin behar izan zuten garai hartako bizkaitarrek. Zer zen hori?

Bizkaiko foruek hainbat eskubide onartzen zituzten. Bizkaitarrei estatus bat ematen zien, kaperatasun unibertsala delakoa. Gaztelako biztanleekin alderatuz, eskubide gehiago zituzten. Esate baterako, bizkaitarrak Bizkaian baino ezin ziren epaitu, eta beti hemengo legeen arabera. Beste adibide bat: bizkaitarrek Bizkaiko Batzar Nagusietako kideak hautatzeko ahalmena zuten. Parrokietan, kuadrilletan elkartzen ziren, eta Batzar Nagusietarako ordezkariak aukeratzen zituzten. Garai hartarako, nahiko sistema demokratikoa izan zela esan daiteke. Hemendik kanpo ez zen halako eskubiderik ezagutzen inon. Hori guztia, XV. mendeko testuinguruan, noski.

Zergatik babestu behar izan zuten?

Gaztelako errege-erreginek aginte osoa ezarri gura zuten, eta, horretarako, lege berezi guztiak kendu behar zituzten. Horren aurrean, Bizkaiak bere izaera eta legeak defendatu zituen. Foru Zaharra 1452an idatzi zen. Zergatik? Idatzi zen, ordura arte ahoz funtzionatu zuen sistema arriskuan ikusi zelako. Idatziz argi geratzen zen lege eta eskubideak zeintzuk ziren. Gure sistema politikoak ez zeukan zer ikusirik Gaztelan errege-erreginek zeukaten botere mugagabearekin, eta estatus hari eutsi gura zitzaion. Haien menpe zeudela onartu eta Bizkaiko jaun edo andre ere bazirela onartu arren, foruak errespetatuko zituztela zin egitera behartu zituzten errege-erreginak.

Foru Barria 1526an idatzi zen, jardunaldietarako aukeratu duzuen epea bukatu eta hurrengo urtean. Garai horrek eragin zuen testu berrian?

Bizkaia aldatu egin zen 1452tik. Beste era batera bizi zen, eta gizarte egituran zein jendearen pentsamoldean sakoneko aldaketak egon ziren. Merkataritza eta burdinolak herrialdeko motor bihurtu ziren, hiribilduek indarra hartu zuten lur lauaren kaltetan… Lege berriak horri guztiari erantzuna eman behar izan zion.