Bigarren anbulantziari eusteko eskatu dute

Orain arte, oinarrizko bizi-euskarrirako hiru anbulantzia egon dira zerbitzuan Enkarterrin; euretako bat Karrantzan. Udalerriaren eremu geografiko sakabanatua dela eta, erizaintza zerbitzua ematen duen anbulantzia ere badute, gainera. Murrizketak tarteko, ordea, Osakidetzak oinarrizko bizi-euskarrirako anbulantzia zerbitzua kentzea dauka aurreikusita azaroaren erdialderako. Erabaki hori salatzeko, 500 pertsona baino gehiago batu ziren iragan zapatuan Karrantzako Kontxako plazan, Karrantzako Udalak Osakidetzari anbulantzia zerbitzua manten dezala eskatzeko deituriko manifestazioan, Osakidetza: baliabiderik gabe ez dago bizitzarik lelopean.

Rafa Arriola Karrantza Zabala udal taldeko zinegotziaren esanetan, “eskualde osoak galduko luke baliabide hori”. Anbulantzia horrek Karrantzan ez ezik, Enkarterriko goiko aldeko herrietan ere ematen du zerbitzua: Lanestosa, Turtzioz, Villaverde…

Osakidetzak esan duenez, Enkarterrin larrialdi bi batera izango balira, Ramales de la Victoriako (Kantabria, Espainia) larrialdi zerbitzuek beteko dituzte zeregin horiek. Karrantza Zabalako zinegotziaren iritziz, “Osakidetzak emandako alternatiba ez da irtenbidea”. Karrantzako auzo batzuetara ailegatzeko 20-25 minutu behar dira, eta, gainera, “Karrantzaren antzeko lurraldea da” Kantabriako hori; hau da, auzoak oso sakabanatuta daude, eta distantzia handia dago haien artean. “Beraz, ez luke Karrantzako hutsunea beteko”.

Karrantza Zabalaren ustez, “eskualdeak beharrezkoa duen zerbitzua da”; haraneko zenbait auzotatik ordu eta erdi baino gehiagora daude Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleak. Gainera, biztanleen adina ere kontuan hartzeko faktorea dela azaldu du Arriolak: %25ek 65 urte baino gehiago dituzte; beraz, larrialdi gehiago sor daitezke.

Zerbitzuaren erabilera handia ez den arren, anbulantzia ospitalera iritsi eta herrira bueltatu arte denbora asko pasatzen da. “Horren sakabanatuta egonda, ezin diegu zenbakiei soilik erreparatu, ematen duten zerbitzuari baizik”, argitu du zinegotziak.

Karrantzako Udalaren helburua egoera egun dagoen bezala mantentzea izan arren, Arriolak dio gutxienez hamabi orduko zerbitzua mantentzeko proposamena egin diotela Osakidetzari, estatistiken arabera, larrialdi gehienak egunez gertatzen direlako.

Irailaren 19an Osakidetzako ordezkariekin batu ziren eta udaletik zerbitzua ez kentzeko beste hainbat proposamen egin zizkien, hala ere, ezezkoa jaso zuten. Karrantzako Udalak aho batez onartu du Karrantza Zabalak erabakia atzeratzeko egin duen proposamena. Azaroa arteko epea eskatu du taldeak, zerbitzuaren etorkizuna Eusko Jaurlaritza berriarekin negoziatu ahal izateko.