The Basque Dream

Ba gu, Japonian, antzekoak gara”, esan zidan Hiromik. Eta berak zekusan antzekotasun hori ez zen harro egoteko modukoa, nire iritziz. Geure herrialdeen izaerei buruz hizketan genbiltzala, euskal gizartea eta espainiarra antzekoegiak direla bota nuen, ukitu ezkorrarekin. Haien alde txarrena baino ez dugula kopiatzen: kexatiak, alfertxoak, zuhurkeria puntu horrekin… —topiko mingarrien erabilera barkatuko didazuelakoan, kontziente bainaiz zer alde handia dagoen otorduko berbaldi hutsal baten eta argitaratuko den zutabe baten artean—.

Badakit askotan esaten dela egungo gazteria otzandua dagoela; kontua da hurkoen artean ere ikusten dudala: helburu nagusi gisa bizi osorako lanpostu finko eta segurua; funtzionarioa izatera iristea, askotan. Eta ez da, berez, gauza txarra. Baina horri gehitzen badiogu tailerra duen lagun mekanikariak BEZa kobratu gabe azpitik jasotzen dizula dirua (eta zuk onartu); eta beste lagun bat duzula egokitzen ez zaion diru laguntza jasotzearren trikimailutan dabilela; eta… Ez dakit ba; nik honi guztiari gorago aipatutako xuhur kiratsa antzematen diot. Eta ez da gizarte guztia horrelakoa, baina neurea izateagatik zaizkit are mingarriagoak jokaera horiek.

Hiromik harritu ninduen esatean Japonian ere jende gehienak funtzionarioa izan nahi duela. Herri langile eta arduratsutzat nuen japoniarra, eta hori ez dut bateragarri ikusten Estatu-babeslearen soldataren zain egotearekin. Eta segituan Ameriketako Estatu Batuetako lagun baten adibidea bururatu zitzaidan: Jonathanena. Coloradokoa bera, unibertsitateko bigarren urtean zegoela, karrera osteko masterra pagatu ahal izateko okindegi txiki bat sortzea deliberatu zuen. Labea eta lokala alokatu, ogiaren prozesua ikasi, eta han ibili zen, urte pare batez, goizeko ordu txikietan gora, ogia egin, auzokideei saldu eta gero klasera. Esfortzuaren esfortzuaz lortu zuen dirua eta, behin ikasketak amaituta, Gasteizera bidaiatu zuen nahi zuen masterra egiteko. AEBak ez dira eredugarri ongizate-estatuaren ikuspegitik, eta halabeharrez ikasi dute hangotarrek babak eltzetik ateratzen. Sam Osaba ez dute beti hor. Horrek borrokalari bihurtu ditu, eta hortik zerbait ikas dezakegula uste dut, Jonathanena ez baita kasu bakarra.

The American Dream“, esan zidan Hiromik. Eta zein litzateke “The Basque Dream“? Independentzia? Horretarako euskal gizarteak beste jarrera bat behar duelakoan nago. “Agirretarrak zer garen / esango dut hirugarren / zutik ipintzen saiatzen gara erori arren”, kantatzen zuen Oskorrik. Baina gaur egun jarrera horretatik ala estatu-babesletzulotik gaude parajeago? Indarra, kuraia eta aterpetik kanpo bizitzeko moduko jarrera behar dugu. Amerikar askok (halabeharrez) badutena. Barrak eta izarrak… eta gu, oraingoz, izarren hautsa.