Hika, zuka, berorika… Guka! Guka berba egin nahi duten guztiei, euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei gonbidapena egin diete Durangoko San Fausto jaietarako AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Ibaizabal ikastola eta Berbaro elkarteak. Izan ere, han abiatuko da Guka proiektu sortu berria. “Jan-edana eta aurrez aurre euskaraz mintzatuko gatzaizkizun pertsonak, pluralean” aurkituko dituzte urriaren 11tik 21era bitartean txosnetan jarriko duten karpara hurbiltzen direnek.
“Euskal herritarrek eta euskaldunek” osatzen duten gunetzat jo du Lehior Elorriaga Berbaro taldeko kideak txosnetan aurkeztuko duten proiektua. “Orain arte elkartu garen eragileetako bakoitzak bere txosna jartzen zuen. Aurtengoa, indarrak batzeko ahalegin bat da, elkarrekin lan eginez. Guneari beste presentzia bat eman nahi genion, eta euskal komunitatea trinkotzeko eta indartzeko ahalegina egin nahi dugu: gure artean elkar ezagutu, harreman gehiago sortu; lau eragileok indartzeko modu bat da. Horrekin batera, indar hori komunitate osoari ere transmititu nahi diogu, gehituz joan dadin”, azaldu du.
Jaiak aitzakia hartuta, euskaraz bizitzeko lekuak berreskuratu nahi dituzte lau eragileok. “Urteak daramatzagu euskara herri bizitzara ekarri guran, eta oraindik ere, euskaraz bizitzeko lekuak berreskuratzeko ahaleginean dihardugu”, adierazi zuten joan den astelehenean Plateruena kafe-antzokian egin zuten agerraldian.
Jaiak gozatzeko egitarau zabala dagoela ekarri dute gogora, eta txosnek zein udalak antolatutako hainbat jarduera daudela azaldu dute. “Euskarazko ahalik eta ekitaldi gehienak gozatzeko” dei egin dute Guka proiektuaren sustatzaileek, eta bereziki eurek antolatutakoak aipatu dituzte. Esaterako, hilaren 13an paella bat prestatuko dute. Egun horretan bertan, eguerdi aldera, umeentzako tailerrak egingo dituzte. Eta, urriaren 20an, 13:30ean, Kantulagunean, euskarazko kantak denen artean abesteko jarduera izango da. San Fausto jaietan egingo dituzten jardueretako batzuk baino ez dira horiek. Txosnetan antolatzen diren ekitaldiez gain agenda osatzeko jarduerak egingo badituzte ere, argi utzi nahi izan dute txosna batzordeko kide direla eta herriko beste elkarte batzuekin lanean jarraitzen dutela. “Gune horren barruan, baina, elkartzea erabaki dugu, gure komunitateari zerbait gehiago eskaintzeko”, azaldu du.
Aurrera egiteko asmoz
Helburua aurrera begira Guka proiektuari jarraipena ematea da. Oraindik, dena den, ez dute etorkizunean zer jarduera egingo duten zehaztu. “Lehenengo saltoa jaiei begira egin dugu”, azaldu du Lehior Elorriagak. “Durango herriko beste kultur eragile batzuek erabakiko balute proiektu honen parte izan nahi dutela, ateak zabalik dauzkate. Etorkizunera begira ez daukagu ezer zarratuta”, zehaztu du. “Jardun bateratu” horretan parte hartu nahi dutenek Gukan lekua dute, beraz.