Minergie ziurtagiria, hain zuzen, egiten duten lanagatik onespena jasotzea dela esan du Peio Gorroño Egoin enpresako buruak.
Zer esan nahi du zuena bezalako familia enpresa batentzat Minergie ziurtagiria jaso izanak?
Egiten dugun lana balioestea, batetik, eta kanpora begirako publizitate apur bat, bestetik.
Espainian ziurtagiri hori jaso duzuen lehenengo enpresa zarete. Erabateko ospea emongo du horrek, ezta?
Horrek esan nahi du puntan gabiltzala.
Zer dauka Vita Etxea delako prototipoak Minergie ziurtagiria jasotzeko?
Lehenik eta behin, etxea ikuspegi termikotik oso ondo eginda dago. Isolamendua nabarmena da; teilatuan 560 milimetro eta hormetan 360 milimetro ditu. Bestalde, kristalak ere hirukoitzak dira, beste gauza batzuen artean. Arau batzuk bete behar dira, eta horiek beteta lortu dugu ziurtagiria.
Zenbat denboratan egiten da horrelako etxe bat?
Vita etxea garatzerako denbora nahikoa beharko genuela aurreikusi genuen. Astiro samar joan da, teknika aldetik ondo aztertu behar zelako. Eraikuntza, barriz, oso azkar joan da. Bi hilabetean prest zegoen, baina aurrekoetan bi urte eman ditugu. Oraintxe horrelako etxe bat egin beharko bagenu, eta baditugu eskaerak, bizpahiru hilabetetan prest egon liteke.
Zeintzuk dira sistema horren abantaila nagusiak?
Lehenik eta behin, eraikinak oso azkar egiten direla. Bigarrenik, eraikuntza oso garbia dela. Hirugarrenik, prezio itxi batean lan egiten dugula eta ez dagoela azken orduko ustekaberik; hau da, ez dago gainkosturik modu tradizionalean gertatzen den moduan. Laugarrenik, isolamendu aldetik energia tratamendua askoz ere handiagoa da. Eta, azkenik, ekologikoa dela eta atmosferara bota beharrean biltegiratu egiten duela CO2. Abantailak zeintzuk diren ikusita, eraikin hori etorkizunera begira bultzatu beharra daukagula uste dut.
Zenbat balio du horrelako etxe batek?
Aurretiazko lanak egon litezke, era batekoak edo bestekoak; hau da, gerta daiteke lurrak mugitu behar izatea. Gauza horiek guztiak prest izanik, etxeak 254.000 euro balioko luke.
Etorkizuna etxe horietan al dago?
Bai, hemendik hamar urtera, horrelako etxebizitzak izan beharko dira, araudiak horrela eskatuko duelako. Gauza da, eta kuriosoa gainera, Espainia oso atzeratuta dagoela horretan. Frantzian, Alemanian, Austrian, Suitzan edo Holandan, berriz, nahiko ezarrita daude horrelako etxeak. 2020. urtean, Espainian ere derrigorrezkoak izango dira.
Ezaguna al da Espainian zuok egiten duzuen lana?
Uste dut Europan Espainian baino gehiago ezagutzen gaituztela. Espainian ez dakigu zein neurrira arte ezagutzen gaituzten; beharbada, Andaluzia aldean ez dute gutaz askorik jakingo.
Merkaturik onena, beraz, nazioartean duzue.
Bai, Europako epizentroan saltzen dugu gehienbat.