Jolas eremua berreskuratu eta herritarren parte hartzea sustatu nahi dute Erromon

Getxoko Santa Eugenia plaza berreskuratzeko lanak hasi zituzten joan den domekan Itzubaltzeta-Erromoko ehunka auzokidek. Hain zuzen, plaza erdibitzen duen horma bat botatzeko lanei ekin zieten. Hesi antzeko bat osatzen du horma horrek, eta jolas eremua erdibitzen.

Prentsa ohar baten bidez, horma horren nondik norakoak gogora ekarri dituzte ekitaldian parte hartu zuten auzo horretako bizilagunek. Haien esanetan, bi urte igaro dira Getxoko Udalak Santa Eugeniako kultur etxea eraitsi zuenetik. Udalak eraikin zaharrean egiten ziren jarduerak hartuko zituen kultur etxe berri bat egiteko asmoa iragarri zuen, baina denbora aurrera joan da eta, oraingoz, ez dute egin. Getxoko Udalak, gaur egungo egoera ekonomikoa aztertuta, eraikuntza berri hori egiteko lanak berriz planteatu behar dituela jakinarazi dute auzokoek.

Egoera horretan, kultur etxea zegoen eremua eta haren inguruko plazako 20 metro inguru erabiltzeko modurik ez zegoela ikusita hartu zuten Itzubaltzeta-Erromoko auzokideek domekan egin zuten ekintza egiteko erabakia. Izan ere, Erromon kultur guneak falta dituztela salatu dute.

Hori horrela, udalak “behin- behinean” ezarri zuen horma botatzeko hitzordua egin zuten domekarako. Azkenean, ordea, hormaren hiru metro inguru baino ez zituzten bota auzoki- deek, udaltzainak eta sei ertzain bertaratu eta ekintza ber- tan behera uzteko eskatu baitzieten.

Horma botatzeko lanetan aritu ziren hogei gazte inguru identifikatu behar zituztela ikusita, bertaratu ziren auzokideek ilara luze bat egin zuten udaltzainen aurrean, eurak ere ekintza hartan parte hartu zutela adierazteko. Nortasun agiriak ere eman zituzten ehun lagun baino gehiagok. Euren borondatez ekintza horretan parte hartu duten bizilagunak identifikatuta domekako ekintza “kriminalizatu nahia” leporatu diete bizilagunek agintariei.

Domekako ekintzak bi helburu zituela azaldu zuten auzokideek. Batetik, plazak lehenago zituen neurriak izatea lortu nahi zuten. Bestetik, edo bide batez, “benetako parte hartze prozesua hasteko beharrizana” ikusarazi nahi diote udalari. Prozesu horretan, Itzubaltzeta-Erromoko bizilagunek “herriko azpiegiturei dagokienez, eztabaidarako eta erabakitzeko ahalmena” edukitzea eskatu dute. Izan ere, udalak hasieran iragarri zuen proiektuak aurreikusten zuen kultur etxea handiegitzat jo zuten auzo horretako bizilagunek eta gehienek ez zuten ontzat eman.

“Poliziaren jazarpenaren” ondorioz, domekan hasitako lana bertan behera utzi behar izan zutela azaldu dute auzokideek prentsa oharrean. “Hasitako lana amaitu nahiko genuke. Udaleko agintariek, baina, debekatu egin digute, herritarren borondatea alde batera utzita”.

Batzar irekietarako deia

Aurrerantzean, batzar irekiak egiteko asmoa dutela iragarri dute, kultur etxeari buruzko eztabaida hasteko. Zenbat eta bizilagun gehiagok parte hartu, azpiegitura berria “are hobea” izango dela iritzi diote, eta erakundeen aurrean erakutsiko duten indarra ere handiagoa izango dela deritzote. Bien bitartean, plaza berreskuratzeko lanean jardungo dutela iragarri dute, “ahalik eta hoberen egokituz”.