“Duela sei urte lagundu genuen jendea guregana itzuli da”

Krisiak herritarrak gero eta gehiago jotzen dituela ikusita, Bizkaiko Gurutze Gorriak plan berezi bat jarri du martxan, Orain inoiz baino + leloarekin. “Batzuen eta besteen arteko ezberdintasun sozioekonomikoak haziz doaz, eta gizarte haustura izugarri handitu da. Murrizketek pertsonen ahultasuna larritu dute, eta, langabeziaren gorakadaren ondorioz, orain arte ondo zeuden herriak pobrezian daude orain”, azaldu du egoera Manuel Calvo Bizkaiko koordinatzaileak. Behar horiei aurre nola egin gura dieten eta kanpaina horren bidez zer lortu asmo duten azaldu dio Bizkaiko Hitza-ri.

Zer lan egiten du Bizkaiko Gurutze Gorriak?

Hainbat jarduera plan ditugu. Batetik, larrialdiari lotutakoa dago: larrialdietako osasun garraioa, prebentzio zerbitzuak, itsas salbamendua, hondamendietako taldeak, mendiko taldeak, uholdeetakoak, hondartzetako sorosleak… Bigarren lan esparrua gizarte laguntzari dagokiona da. Bazterketa arriskuan edo ahul daudenei ematen diegu zerbitzua; adinekoei, etorkinei, elbarriei, emakumeei… Hirugarrenik, formazio eskaintza daukagu. Eta azkenik, gurera datozen boluntarioekin egiten dugun lana.

Arlo horietatik zeinek ematen dizue behar gehien?

Larrialdietakoa oso garrantzitsua da, eta boluntario talde zabal baten beharra eskatzen du. Baina egia da azkenaldian gizarte laguntzari dagokionak ahalegin handiagoa eskatzen digula, krisia dela eta. Beharrik barik geratu direnak, etxerik barik geratzeko zorian daudenak… Asko ugaritu da beharren bat dutenen kopurua.

Zenbat herritar izan daitezke, gutxi gorabehera?

Iaz, oro har, Bizkaiko Gurutze Gorriak 77.000 laguni eman zion zerbitzua; eta horietatik, 20.000 inguruk jaso zuten gizarte laguntza. 1.500 bat krisiak jotakoak izan ziren, eta aurten kopuru hori gutxienez bikoiztea espero dugu.

Iaztik bikoiztuko den ustea duzue; eta aurretik asko ugaritu da?

Bai, nabaritzen da gorakada. Duela sei urte lagundu genuen jendea itzuli dela ikusi dugu. Beharra galdu dute, eta euren egoera lehengora itzuli da: gutxieneko beharrizanak asetzeko zailtasunak dituzte, ezin dute alokairua edo hipoteka ordaindu… Eta gainera, jende berria ere etorri zaigu. Adibidez, behar adina kotizatu ez duten adineko pentsiodun ugari, euren seme-alabak lagundu behar dituztelako. Adinekoekin behar egiten duten boluntarioek halako kasu asko antzeman dituzte.

Jende berria badator zuengana, baina ikusten duzue zuen laguntza behar izateari uzten dionik?

Zoritxarrez, ez. Gizarteratze prozesua bukatu eta gure beharrik ez duen jende asko egotea litzateke guretzat aproposena, datozen berriei lagundu ahal izateko, baina justu kontrakoa gertatzen da: gizarteratuta zeudenak berriz itzultzen dira gure atera.

Zein izaten da horien arazorik handiena?

Beharra aurkitu zutenean burutu zuten gizarteratze prozesua. Krisiarekin, lanik gabe geratu dira, eta euren egitura guztia erori zaie. Gaur egun, ezkutuko ekonomian beharra aurkitzeko ere sekulako zailtasunak daude.

Zuen lana zertan oinarritzen da?

5.000 laguni lagundu nahi diogu; helburu hori jarri dugu. 170.000 euroko aurrekontua daukagu, abiapuntu modura. Diru horrekin enplegu zerbitzuak sustatu gura ditugu, batez ere langabezian dauden gazteei begira. Bestalde, oinarrizko beharrizanak asetzen direla bermatu gura dugu: etxerik bakoei dagokienez, neguko plan bereziak bultzatu; adinekoei etxeko garbiketa eta haientzako garbiketa arloan materiala helarazi; gazteekin hezkuntza laguntzarako programak indartu; eta, azkenik, lau eta bost urteko umeentzat esnea, fardelak eta haur jakizko ontzitxoak lortu.

Zenbat bizkaitarren laguntza beharko duzue?

Zenbatzea ezinezkoa da. Baina zenbat eta laguntza gehiago jaso haien aldetik, orduan eta gehiago egin ahal izango dugu. Gure helburua da denen artean aipatutako kopuru horretara iristea, baina zenbat eta gehiago jaso, askoz hobe.

Beharra dutenen kopuruak gora egin duen moduan, boluntarioenak ere egin al du?

Krisiak horretan lagundu du: jende askori kaltea eragin dio, baina balio izan du besteek duten beharraz ohartzeko ere. Gero eta gehiago daude prest libre duten denbora hori gainontzekoei laguntzeko eskaintzeko.

Gero eta gehiagok behar dute zuen eta antzeko elkarteen laguntza, eta ez dago argi noiz bukatuko den hazkunde hori. Beldur zarete eskari horri erantzun ezingo diozuen unea irits ote daitekeen?

Ezin daiteke jakin noraino iritsiko den. Eskaera hazi ahala, helburuak ezarriz joango gara, baina ezin daiteke jakin noiz arte eutsi ahal izango diogun. Ahal dugun bitartean jarraituko dugu. Oraingoz, egoera eramangarria da; oraingoz.

Gaur egun hainbat elkarte zabiltzate halako laguntzak ematen. Beharrean dauden guztiengana iristen zarete?

Askorengana iristen gara, baina bada jende talde bat ez dena ausartzen guregana edo Caritasera etortzen. Batzuek auzokoari edo etxekoei eskatzen diete laguntza, eta posible da horiek azkenean guregana jo behar izatea, balitekeelako euren ingurukoek lagundu ezingo dieten unea iristea.

Eta zuek zer bide duzue horiengana iristeko?

Guk egitasmo hau publiko egitea baliagarria da ezagutzera emateko. Gainera, boluntarioen gertutasun sareak asko laguntzen du. Jende askok du auzoan Gurutze Gorriko boluntarioren bat. Bizkai osoan 4.000 gara. Gainera, guregana arazoren batekin datozenei jarraipen osoa egiten diegu, ea beste beharren bat duten jakin ahal izateko.