Alonsotegiko Udalean, “irregulartasun” salaketa

Alonsotegiko Bilduko kideek udalak egin duen “hamaikagarren irregulartasuna” salatu gura izan dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Alonsotegiko Udalak hitzarmen bat sinatu zuten joan den martxoan. Irauregi guneko ondasunen truke, Azpiegitura izeneko foru enpresak 2 milioi euro pasatxo jasoko zituen. Inguru horretan, salneurri mugatuko etxebizitzen eraikuntza sustatu behar zuen udalak. Alegia, bi enpresa eraikitzaileri ordaintzeko eman zion dirua foru aldundiaren menpeko enpresak.

Abuztuan, baina, alkatearen dekretu bidez hainbat faktura ordaindu nahi direla jakin zuten. Hau da, udalak 300.000 euroko zorra du Garbialdi enpresarekin, eta hori ordaintzeko erabili gura dute Azpiegiturak emandako kopurua ere.

“Gertakari honek agerian uzten du, beste behin, EAJren legez kanpoko kudeaketa negargarria. Alonsotegiko alkateak irregulartasun kopuruen errekor lotsagarria du, asko baitira udaleko txosten teknikoen kontra ordainketak agintzen dituzten alkate dekretuak”, ohartarazi dute koalizioko ordezkariek.

Alonsotegi zorpetze muga gainditzeko eskaera egin duten bi udaletako bat dela ekarri dute gogora, gainera. Eta, hori horrela, bertako kontuen kontrol zorrotzagoa eskatu diote foru aldundiari. “Alonsotegiren zorpetzea ahalbidetzen denean, foru aldundiak badu udal kontuen berri, besteak beste, udalaren bideragarritasun plana onartu duela. Bide batez, argitu dezagun plana egin duen enpresak aldundiaren ikuskaritza guztiak egiten dituen enpresa bera dela”, diote.