Zaratak herri handietan arazo dira sarri. Gero eta ohikoagoa da, gainera, arazo hori. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak inguruko zaratari buruzko esperientzia aitzindari bat jarriko du martxan Sestaon. Dagoeneko martxan dagoela iragarri du bertako udalak.
Fase bi izango ditu proiektuak. Lehenengo atalean, zeina jadanik hasita dagoen, Sestaoko udalerrian dagoen zarata mailaren diagnosi kualitatiboa egingo dute. Horri esker, kutsadura akustikoari dagokionez, arazo gehien sortzen duten inguruak zeintzuk diren ebatzi ahal izango dute. Horren helburua, azterketa bukatu ostean, zer jarduerak izango duten lehentasuna erabakitzea izango da. Lan hori urtea bukatu aurretik amaitzea aurreikusi dute.
Bigarren faseari dagokionez, Agenda 21en barruan kudeaketa erreminta bat ezarriko dute, udalari zarataren arazoarekin laguntzeko.
Estrategiak egiteko tresna
Josu Bergara Sestaoko alkatea “pozik” azaldu da foru aldundiak euren herria aukeratu duelako esperientzia hori martxan jartzeko. Haren ustez, “albiste ona da foru aldundiak gure herria aukeratu izana”. “Honi esker, kutsadura akustiko handiena pairatzen duten Sestaoko eremuak zeintzuk diren jakingo dugu. Horrek, zalantzarik gabe, eragozpenak arintzeko estrategiak diseinatzen lagunduko digu”, adierazi du alkateak.
Oraingoz Sestaon egingo duten proiektua Tecnalia R&I fundazioak garatuko du. Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 2012. eta 2016. urteen artean egingo du. 2007an hasi zuen lana.