30 urteko ibilbideak etena izango du

Mota bateko zein besteko drogen mende dauden pertsonak artatzeko eta gizarteratzea errazteko lana du Manu-Ene egoitzak. Larrabetzun dago, eta 30 urteko ibilbide luzea dauka. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dagoen era horretako komunitate terapeutiko publiko bakarra da —nahiz eta Osakidetzak Bizkaian dauden beste bi zentroak ere publikotzat jo daitezkeela dioen, “%100 diru publikoz finantzatuta” daudela arrazoituz—. Hori oraingoz baino ez da, ordea. Izan ere, egoitzaren kudeaketa lehiaketara atera berri dute, eta, beraz, jabe pribatu batzuen esku geratuko dela salatu dute bertako pazienteen senideek.

Kudeaketa ereduan ez ezik funtzionamenduan ere aldaketak izango direla-eta, kezkaturik daude senideak. Hain zuzen, eguneko ospitale bihurtuko dute.

Manu-Enera mendekotasunen bat dutelako jotzen dutenak, tratamenduaren lehenengo lau hilabeteetan gutxi gorabehera, astelehenetik ostiralera bitartean bertan egoten dira. Asteburuetan, etxera bidaltzen dituzte. Hala azaldu du Patxi Alicantek, bertako gizarte hezitzaileetako batek.

“Astelehenetik ostiralera, gau eta egun, hemen daude. Hala erabaki dugu gaur egungo drogazaleen eskaera eta beharrizanei erreparatuta. Gure ustez, aste barruan komunitate terapeutikoan egiten dugun lan horrek osagarri bat behar du. Izan ere, komunitate terapeutikoak ez du bakartutako espazio bat izan behar, ez du pazientea gizartetik bakartuko duen horma bat izan behar. Aitzitik, gizartearekin batera jarraipena izan behar duen parentesi bat izan behar du. Izan ere, gizartea aurrera doa, eta haiek errealitatearekin harremanetan egon behar dute. Errealitatea ez da hemen barruan gertatzen dena soilik: kanpoan ere zailtasunei aurre egin behar diete. Hori dela eta, asteburuetakoa ere lan garrantzitsua da”. Hala laburbildu du Alicantek zentroaren filosofiaren ataletako bat.

Eta asteburuetako lan horretan, pazienteen familiek berebiziko garrantzia dutela deritzote bai zentroko hezitzaileak, bai bertako pazienteek eta bai senideek eurek ere. “Lehenengo etapan, senideek lagunduta daude une oro. Aurrerago, apurka autonomia maila desberdinak hartzen dituzte. Eta azken fasean, gizarteratze fasean, hain zuzen, pazienteak eurak bakarrik atera daitezke astegunetan: horietako batzuek lana bilatzen dute, lanerako ikastaroetan parte hartzen dute, helduentzako eskoletara doaz… Manu-Ene haien etxea da, eta apurka bizitza normalizatu bat egiten hasten dira, laster iritsiko den irteera egunera begira”, azaldu du Alicantek.

Pazienteak eurak ere jabetzen dira familiaren garrantziaz. “Lehenbizi, laguntza eskatzen digute”, azaldu du hezitzaileak. “Lagun gaitzazu hemendik barrutik”, halaxe eskatzen dietela dio. “Nire familiarekiko distantzia txiki bat behar dut; haiek ere atseden hartu behar dute”, onartzen omen dute pazienteek. Euren familiarekin paraleloan doan lan bat egon behar dela diote gaixoek; ez, ordea, biek batera egin beharrekoa”. Hori dela eta, Alicanteren esanetan, “oso garrantzitsua da eguneko 24 orduetan hemen egotea”.

Terapiak familiekin

Pazienteen senideekin ere terapiak egiten dituzte Manu-Eneko profesionalek. “Sor daitezkeen zailtasunak lantzen ditugu, eta, besteak beste, krisi egoeren aurrean zer egin behar duten azaltzen diegu. Izan ere, sarri, senideek guztiz galduta ikusten dituzte euren buruak”. Terapia horiei esker, “babestuta sentitzen dira, euren arazoak entzun egiten ditugula ikusten dute eta beste familia batzuek antzeko arazoak dituztela ikusten dute. Hitz egiteko aukera ematen die horrek, negar egin, laguntza eskatu…”, azaldu du Alicantek. Eta gaineratu: “Pazienteentzako eurentzako ere, familiak hor daudela jakitea eta elkarrekin lanean ari direla, motibazio estra bat da”.

Esti —ez du abizenik eman gura izan— familia horietako bateko kide bat da. Neba du berak Manu-Enen. Lau hilabete bete ditu dagoeneko han. Haren ustez, “positiboa da” haien senideak asteburuetan etxera joatea. “Guk ere lagundu egiten dugun sentsazioa daukagu. Gainerakoan, hiru-lau hilabetez ingresatuta badaukate eta astean egun batez bi orduko bisita egiterik baino ez badaukagu, ezin dezakegu ezertan lagundu”, deritzo.

Kortezubira edo Gordexolara

Larrabetzuko egoitza eguneko zentro bihurtuz gero, Kortezubin edo Gordexolan dauden zentroetako batera bideratu ahalko dituzte euren senideak egun Manu-Enen dituztenek. Hori azaldu diete Osakidetzatik pazienteen familiei. Hala ere, egoitza horiek darabilten funtzionamendua bere nebarentzako egokia ez izateaz gain —Gizakia elkartearen eguneko zentro bat probatu zuela azaldu du, baina ez ziola behar bezala lagundu— horietarako ere itxaron zerrendak egongo direla badakite, eta, beraz, itxaron egin beharko dutela. “Pertsona batzuei hobeto funtzionatzen diete zentro horietako terapia motak; beste batzuei, ordea, ez diete balio”. Bizkaian, Larrabetzukoaz gain, Kortezubiko Etorkintza eta Gordexolako Gizakia daude. Bi zentruok fundazioak dira.

Horrez gain, eguneko zentroaren aurka ez daudela argi utzi nahi izan du. Dena den, aldaketa hori gauzatzen bada ere, “gutxienez, Manu-Enen ohe kopuru bat utz dezatela” eskatu du, “txarren daudenentzat behar-beharrezkoa delako”.

Izan ere, desintoxikazio prozesuan dauden pazienteak egunero zentrotik arratsalde-iluntze aldera ateratzen badira, drogan berriro erortzeko aukera handiagoa dutela deritzo. Horrez gain, haren ustez, baliteke senide batek egunero ezin izatea ibili pazientea goizean zentrora eramaten eta arratsaldean handik batzen. Gogora ekarri du egunero atzera eta aurrera ibiltze horrek ekonomikoki dakarren gastua ere. “Gure kasuan, gainera, nebari Gizakia elkartearen zentrora bakarrik joaten hastea gogorra egin zitzaion. Egunero autobusean ibiltzea eta 19:00etan handik ateratzea arriskutsua da, oso ordu txarra delako. ‘Garagardo bat hartuko dut’, pentsatzen dute. Horrek beste gauza bat dakar… Gurean, behintzat, ez zuen funtzionatu”, azaldu du. “Manu-Enera sartu zenean, ordea, oso ondo egon da. Bera ere pozik dago”, esan du. “Eta guretzat ere oso ondo dago, tratamenduaren prozesuan laguntzen dugulako. Geuk ere tratamendua jarraitu behar dugu senideekin asteburuetan”.

Manu-Ene “diziplina anitzeko talde batek eratuta dago”. Hala azaldu du Patxi Alicantek. “Lan bikoitza da gurea: lan psikologikoa eta hezkuntzaren alorrekoa”, zehaztu du. “Menpekotasunekin arazoak dituzten pertsonak euren arazoak lantzera datozen komunitate terapeutiko bat da gurea. Paziente berri bat sartzen denean beti galdetzen diogu: Zein da zure arazoa? Eta: ‘Kokaina’, edo ‘alkohola’ erantzuten digute. Baina ez da hala. Arazoa ez da substantzia bera; guk menpekotasun horretara bultzatzen dituzten kausak lantzen ditugu”. Horixe da Manu-Ene.