Lokalak alokatzen dituzten gazteen kopurua goraka doa. Bilbon, gazteek erabiltzen dituzten 230 lokal zenbatu ditu hiriburuko udalak. Hain zuzen, 18 eta 25 urte arteko gazteek erabiltzen dituzte lokal horiek, Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak jakitera eman duenez. Normalean, hamar eta hamabost neska-mutilek osatutako taldeek erabiltzen dituzte.
230 lokal horietatik gaur egun 194 erabiltzen dituztela ikusi du udalak. Gainerako 36ak ez daudela aktibo azaldu dute. Batez ere, Bilboko erdigunearen inguruko auzoetan alokatzen dituzte; gazte gehien bizi den lekuetan, hain zuzen ere. Errekalde da, esaterako, lokal gehien duen auzoa: 40 lokal daude martxan, eta beste lau, geldi. Ondoren, Begoña auzoa dator, 37 lokal aktiborekin. Deustua, Uribarri, Ibaiondo, Basurtu-Zorrotza, Txurdinaga-Otxarkoaga eta Abando eremuak datoz horien atzetik. Abandon, lau lokal daude martxan, eta beste bi, geldirik.
Lokal horietan ura, argindarra eta komunak daude. Erroldatu dituzten horiek, gainera, garbi daudela azaldu du udalak, “gazteek antolatzen dituzten garbiketa txandei esker”. Zehaztu dute, halaber, leku horiek oro har ez direla izaten oso zaratatsuak.
Hala ere, etorkizunera begira, Bilboko Udalak lokal horien erabiltzaileentzako gomendio gida bat argitaratuko duela azaldu du. Horretaz gain, auzokideekin eta gazteekin harremanetan egoteko linea bat zabalduko dute bitartekaritza zerbitzu baten bitartez, hala eskatuz gero, esku hartzeko.