1980ko hastapenen gogortasuna gogoan

Patxi Alicantek 29 urte daramatza lanean Manu-Enen. Gogoan du heroinak 1980-1990eko hamarkadetan egin zuen izugarrizko kaltea: “Oso jende marjinalak kontsumitzen zuen; klase baxuetakoak ziren, eta krisi ekonomikoak eragin handia izan zuen”. Hiesaren presentzia ere handia zen. Tratamenduei dagokienez, oraindik gogoan du batek baino gehiagok nolako erantzun gogorrak eman zituen, pazienteei helburuak markatzen zizkietenean: “Patxi, baliteke ni bi hilabete barru hemen ez egotea” edo “lasai, ez iezazkidazu bi hilabeterako helburuak ezarri; hori niretzat denbora asko da”. Garai hartan, beraz, “ilusioa transmititzeko” lan egiten zuten. Euren lanaren gogortasuna aipatu du.