Zer dira onddoak eta zer perretxikoak?

Perretxikoen eta onddoen arteko aldea zein den galdetzen da sarri, asko baitira batzuk eta besteak nahasten dituztenak. Honako uste hau zabalduta dago: perretxikoek txapelaren azpian orriak dituzte, eta onddoek, berriz, belakia. Baina ez da zuzena. Perretxikoa fruitua da; onddoa arbola dela esan daiteke.

Perretxikoa gorputz fruitu ekarlea edo korpoforoa da, eta bere barnean gordetzen dituen esporak ontzen direnean askatu egiten ditu. Ondoren, espora bakoitza baldintza jakinetan ernamuinduta eta beste batekin elkartuta, beste perretxiko bat sortuko dute. Onddoa, aldiz, gorputz begetatiboa da, eta hifa deituriko harizpi mordoilo batez osaturik dago.