Euskaldun berritzat dauka bere burua Alicia Martinez Dominguez bilbotarrak, nahiz eta dagoeneko urte batzuk igaro diren euskara ikasi zuenetik. “Bilbon jaio nintzen arren, Kantabrian [Espainia] bizi izan naiz ia beti, eta itzuli nintzenean euskara ikasten hasi nintzen”, gogoratu du.
Zer dela eta erabaki duzu Berbagunean parte hartzea?
Duela urte batzuk atera nuen euskara titulua, baina arauak sarri aldatzen direnez, birziklatzeko beharra nuen. Artazugoikoko Iralen [Irakasleen Euskarazko Prestakuntza Zerbitzua] nabil ikasten, lanbidez Haur Hezkuntzako maistra naiz eta. Eta hona etortzea ikasten ari garen hori praktikan jartzeko aukera ona iruditu zait.
Aukera gutxi daude euskaraz egiteko?
Agian, erabiltzen ditugunak baino gehiago, baina halako zerbait antolatzea ederra da. Gainera, ez zaude zure adin bereko jendearekin. Gazteak, zaharrak eta askotariko pertsonak gaude, eta hori aberasgarria da.
Ordu eta erdian, hiru gai izan dituzue hizpide. Erraza suertatu zaizue berbaldiei eustea?
Bai. Lehen bietan, nahiko erraz moldatu gara; hirugarrenean, beste gai batzuetaz hitz egiten hasi gara, eta, ohartu garenerako, ezarri diguten gaiaz ezer esan gabe bukatu zaigu astia. Baina, tira, kontua da euskaraz hitz egitea, ezta?
Halakoek zertarako balio dezakete?
Ohitura hartzeko. Asko edo gutxi jakin, dakigun hori erabiltzera ohitu behar dugu. Erabiltzea ezinbestekoa da. Eta ondo jakin ez arren, lotsa galdu behar dugu.
Zuri, adibidez, zerk ematen dizu lotsa gehien?
Agian, neure burua goratzen dudala esango du norbaitek, baina nik gaztelaniaz ondo hitz egiten dut, zuzen. Euskaraz, ordea, hutsak egiten ditut. Ikasterakoan, beti zuzendu behar izan didate. Nahiz eta ezagutza maila duin bat izan, uste dut gaizki egiten dudala, eta hanka sartzeko beldur naiz. Gainera, apur bat lotsatia ere banaizenez, are okerrago. Adibidez, zuri ere, argitaratu aurretik nik egindako hutsak zuzentzeko eskatu dizut.