Karola gunea estreinatu dute aurten Bilboko Aste Nagusian kontzertuak egiteko. Gehienezko ikusle kopuru bat ezarri zuen udalak leku horretarako, arriskuak saihesteko helburuarekin: 8.850 lagun. Handik gora ezingo zen beste inor sartu gune horretan. Eta egun batean baino gehiagotan muga horretara iritsi ziren. Kopurua beteta, segurtasuna bermatzeko arduradunek eremua itxi eta ez zioten utzi beste inori sartzen.
Iñaki Azkuna alkateak horren harira komunikabideetan egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte Bilboko Konpartsetako kideen artean. Azkunak esan du “izugarri zorrotza” izango dela “segurtasunaren alorrari dagokionez” eta segurtasunarekin lotutako txostenak eskatuko dituela proposatzen dizkieten kontzertu eta ekitaldi guneetarako. Izan ere, haren arabera, “Karolarekin beldur handia” pasatu du. “Sagutegi bat dela jabetu gara”, dio alkateak. Toki hura, bada, 4.000 lagunentzako egokia dela iruditzen zaio, “lasai asko egoteko”.
Horrez gain, oposizioko alderdiei leporatu die jai batzordean egon arren Karola guneak izan zitzakeen arazoei buruz ezer ez esatea. “Beraz, isil zaitezte, zuek ere badituzue zuen kontuak eta”, esan die.
Konpartsak, haserre
Bilboko Konpartsak haserre azaldu dira eta oposizioko alderdiei iritzia emateko eskatu diete. Horretarako, idazki bat helarazi diete asteon bertan PP, PSE eta Bildu udal talde politikoei. Bertan esaten diete eurak eskura izango zutela Aste Nagusi aurretik udalak egin zuen kontzertuei buruzko segurtasun txostena —Bilboko konpartsek badute—. “Beraz, argi izango zenituzten gune horrek zituen mugak”, esan diete.
Horrez gain, jai batzorde mistoan parte hartu zuten zinegotziek “argi eta garbi” azaldu zituzten kontzertuak egingo ziren lekuarekiko desadostasunak, idazki horrek berak jasotzen duenez. Erantzukizuna onartu ordez udala ardurak zabaltzen saiatzen ari dela deritzote, beraz.