Foru aldundiari helegitea jarri dio Usansolo Herriak

Usansolok herri izaera lortu nahi du. Urte askotako borroka du, etaahalegin horretan ez du amore emateko asmorik. Hori dela eta, joan den ostiralean administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri zuen Usansolo Herria plataformak Bizkaiko Foru Aldundiak euren eskaerari kasu egin diezaion eskatzeko. Bide batez, desanexio prozesurako kudeaketa batzordea martxan jartzeko eskaera egin dute.

“Legearen arabera, guk ezin dezakegu kudeaketa batzordea zabaldu. Beraz, helegite honen bitartez eskatzen diogu foru aldundiari eurek zabal dezatela”, azaldu du Marisa Gonzalezek, plataformako kideak. Batzorde horrek landu beharko luke desanexiorako prozesua.

Hain zuzen, Jaione Epalza Usansolo Herria plataformako presidentearen arabera, Usansolo Galdakaotik bereizitako herri modura eratzeko prozesua negoziatzeko helburua dauka batzordeak. Batzordea eratzeko orduan kontuan izan beharko litzateke, Epalzaren esanetan, 2011ko hauteskundeetan Galdakaoko udal talde bakoitzak Usansolon izan zuen boto kopurua. Eta, horren arabera, Usansolo Herria plataformak zortzi ordezkari izan beharko lituzke, 1.500 boto eskuratu zituztelako. EAJk, bi ordezkari izan beharko lituzke, eta Bilduk, bakarra.

Epalzak gogora ekarri du, gainera, helegitea jarri dutela foru aldunditik ez dietelako erantzun aurrerago batzordea eratzeko egindako eskaerari, eta Galdakaoko alderdiekin gai horri buruz berba egiten saiatu arren kasurik egin ez dietelako.

Marisa Gonzalezek, bestalde, adierazi du desanexiorako prozesua geldirik ez dagoela: “Gu aurrera goaz, nahiz eta EAJk desanexio prozesuak bertan behera uzteko araudia atera duen. Bizkaiko herri guztien segregazio eta desanexio prozesu guztiak bertan behera uzteko araudia onartu zuen. Hala ere, orain Bizkaian era horretako prozesu batean murgilduta dagoen bakarra Usansolo da. Hori dela eta, gure ustez, guretzat egindako lege bat da, geure neurrira pentsatutakoa”, esan du. Usansolotarrena aspaldiko aldarrikapena da, eta hori kontuan izanda, arau aurreproiektu horrek eurengan ez lukeela eraginik izan behar deritzote plataformako kideek.

Usansolo Bizkaiko 113. herria izateko prozesuak, ordea, luze jo dezake. Izan ere, epaitegiak erabakia eman arte gutxienez bi urte igaro daitezke. Hori dela eta, kautelazko neurri gisa, epaia atera arte, foru aldundiari batzorde hori eratzeko epea bat ezarri beharko liokeela deritzo plataformak.

Atxikimendu kanpaina

Epaitegian helegitea jartzeaz gain, desanexioaren aldeko kanpaina bat ere hasi dute Usansoloren independentzia eskatzen dutenek. Batetik, bihar eguerdian lipdub bat grabatuko dute. Bestetik, sinadurak biltzeko kanpaina bat ere egingo dute: Neuk be Usansolo deritzo laster hasiko duten atxikimendu kanpainari. Mahaiak aterako dituzte kalera, eta usansoloherria.org webgunean ere sinatzeko aukera egongo da.