Eztandaren zain

Jadanik saskia eta labana hartuta basoz baso ibili behar zutenak zerura begira daude, lurrera begira baino gehiago. Izan ere, euria ganoraz egiten ez duen bitartean, naturak ez du perretxikorik emango. Eta aurtengoa uda lehorretan lehorrenetakoa izan da. Denboraldiak, berez, hasita behar luke, baina aurten berandu dabiltza udazkeneko loreak.

Gipuzkoa eta Nafarroa artean zer edo zer atera dela dio Zornotzako Mikologia Elkarteko kide Jose Migel Aranak. “Hezetasunak dauka garrantzia, eta inguru hartan, udan, Bizkaian baino euri gehiago egin die”. Herrialde historiko honetan lurra lehor dago, oso idor. Eta, Aranaren esanetan, irailean bota dituen euri litro apurrek ezer gutxi lagunduko diote perretxikoari ernetzeko orduan. “Hainbatean, han hiru eta haragoan dozena bat hasi dira agertzen. Baina oraindik zaparrada asko beharko ditugu denboraldia behar bezala hasi orduko”.

Tenperaturak ere badu garrantzia. Aranak dio hamar gradu jaitsi behar duela oraindik perretxikoak ernetzeko. “Batez ere, gaueko tenperaturak hoztu behar du. Izan dugu gau freskoren bat, baina, oro har, epel jarraitzen du”, adierazi du. Eta jada honako hau ez dute eguraldiaz kexu diren lehen urtea. Azken hiru denboraldietan borraska eta antizikloien atezuan egon dira. Izan ere, Euskal Herria gero eta lehorragoa izateak kalte egiten dio mikologiari.

Perretxikotarako fama gehien daukan ingurua Nafarroa iparraldea da Euskal Herrian. Bizkaia ez da ezaguna mikologiagatik, ez delako bereziki herrialde oparoa. Hala ere, Aranak dio bizkaitarrentzat nahikoa ale ematen dituela. “Batez ere, Gorbeia ingurura jotzen dugu. Inguru hori da aberatsena. Perretxikoak garaiera eskatzen du, eta Bizkaiko mendiak ez dira lar garaiak”. Izan ere, inguru horretan freskotzen du lehenago, eta hezetasuna handiagoa izaten da. Garaiera gutxiko basoetan, berriz, negurago jotzen du kolpeak, azaro inguruan. Zornotza inguruan, Belatxikietan ere ibiltzen dira. Durangaldean Urkiola eta Oiz dira lekurik oparoenak.

Kostaldearen eta barnealdearen artean ez du bereizketarik egiten Aranak. Haren esanetan, ez dira inguru batean edo bestean gehiago irteten, edo espezie batekoak itsasotik gertu eta beste batekoak asaoagoko basoetan. “Hezetasuna da gakoa; kostaldean hezeago badago, han jo dezake kolpea Gorbeialdean baino lehenago”. Badu bai garrantzia, ordea, basoan landatuta dagoen arbola espezieak. “Normalean, lehenengo pagoan hasten dira; gero, haritzean, eta, azkenik, pinuan. Arbolak egiten duen itzalari lotuta dago hori, eta pagoak du zabalena”. Bizkaiko Foru Aldundiak bere basoetan duela hamabost urte landatutako haritz amerikarretan orain hasi dira perretxikoak ateratzen, mikorrizatu egin direlako.

Gustuen araberakoa

Bizkaian espezieen aldetik aberastasun handia dago. Hala dio Aranak behintzat. Eta Santutxuko [Bilbo] Cantharellus mikologia elkarteko lehendakari Iñaki Rubio Azpiazu ere bat dator horretan. Hala ere, perretxiko zaleak gehienetan espezie jakin baten bila joan ohi dira, batez ere euren helburua bildu, sukaldean prestatu eta jatea bada. “Preziatuena zein den, tokian tokiko kulturaren araberakoa izan ohi da. Horretan aldeak egoten dira herrialde batetik bestera. Gurean Calocybe gambosa izenekoak erakarri ditu gehienen labanak. Urduñako perretxiko moduan ezaguna da”. Hala eta guztiz ere, esan du 1980ko hamarkadatik aurrera mikologia aberastu egin dela Euskal Herrian, eta espezie berriak ezagutu ahala kontsumoa ere aldatu egin dela. “Zornotza inguruan gibelurdina estimu handitan dugu”, zehaztu du Aranak.

Ausarkeria gehiegi

Zaletasuna haziz joan da azken urteetan. Bizkaian, baina, oraindik ez dute uste masifikaziorik gertatu denik. Gainontzeko herrialdeetan araututa dago perretxikoak biltzea. “Bizkaian ez, eta oraingoz beharrik ere ez dago. Herrialdeko basoetan gabiltzanok ez gara beste leku batzuetan beste; beraz, ez dago arriskurik. Gorbeian dago mugatuta, Arabako aldetik, Murgiara arteko zatian”, azaldu du Aranak.

Zale berrietako asko, baina, mikologiaz ezer gutxi dakitela joan ohi dira basora. Eta hori oso arriskutsua dela ohartarazi dute mikologia elkarteotako ordezkariek. “Badira behin bildu ostean elkarteetatik igarotzen direnak, batu duten hori jangarria den edo ez jakiteko asmoz. Baina hobe da aurretik etorri eta gutxieneko ezagutza batzuk jaso. Toxikotasuna bereizteaz gain, bada besterik ikasteko”, dio Aranak. Elkarte gehienek ikastaroak eta tailerrak ere antolatzen dituzte.

Arriskutsuak diren espezieak gutxi dira, baina tentuz ibili behar da. “Itxura ona daukate… Bareek ere jan dute… Halako usteak erabiltzen ditu jendeak jangarriak diren edo ez jakiteko. Topikoekin kontuz! Ezin da beti fidatu”, ohartarazi du Alvaro Txirapozu Bilboko Udaleko albaitari eta perretxiko zaleak. Amanita phalloidea-ren adibidea jarri du: “Sarri esan izan da zilarra belzten duen onddoa ona dela, baina Amanita-k ere, hilgarrienetakoa izan arren, belztu egiten du”. Arriskutsuenak tamaina txikikoak direla argitu du. “Tentuz ibili behar da bulba edo mintza dutenekin, Amanita espezieko perretxikoen ezaugarri nabarmenetako bat delako”. Edozelan ere, halako arrastoez gehiegi fidatu ordez egokiena mikologian aditua den norbaiti aholku eskatzea dela dio.