Helburua ez da izan euskarari buruz berba egitea, edozein gairi buruz euskaraz aritzea baizik. Asmo horrekin, 1.200 lagun inguru elkartu ziren martitzenean Bilboko Alondegiko sarreran. Euskaldunak, ikasten ari direnak zein aspalditik dakitenak, elkarrekin hizketan jarri zituzten, batere lotsarik eta beldurrik gabe. “Hemen egin duzuena egunero errepikatu behar duzue orain, gutxienez hogei minutuz”, esanez agurtu zituen bukaeran Julian Iantzi ETBko aurkezleak. Hark egin zituen gidari lanak.
Gehien-gehienak bilbotarrak ziren. Inguruko herrietatik ere hainbat joan ziren. Baina baziren bizkaitarrak ez ziren parte hartzaileak ere: Gasteiztik etorri ziren batzuk, denen artean autobus bat antolatuta. Gehienbat, herritarrak izan ziren parte hartzaileak, baina, antolatzaileek deituta, politika, kirol eta kultura arloko zenbait ordezkarik ere egin zuten euren ekarpena. Arratsaldeko saioan, gainera, musika eta bertsoak ere izan zituzten.
Egun osoa lau txandatan banatu zuten: hiru goizean eta bat arratsaldean. Goizeko lehen txanda, 09:30ean hasi zuten. Bilboko institutuetako hainbat ikaslek osatu zituzten sei laguneko taldetxoak; baita bigarren txandan ere. Balantze ona egin zuen Aitor Sangroniz koordinatzaileak: “Oro har, ondo joan da. Hizketaldi politak izan dituzte. Egia da gazteen eta nerabeen artean gaitzagoa dela horrelako zerbait antolatzea. Berez, adinagatik, gehiago kostatzen zaie jendaurrean hitz egitea; lotsa handiagoa izaten dute halako kontuetarako. Baina horretarako ditu moderatzaileak”. Bakarren batzuk azkenean lotsak jota parte hartu gabe geratu zirela aitortu zuen Sangronizek.
Seiko talde bakoitzak gidari bat zeukan, partaide guztiek berba egiten zutela bermatzeko, denen arteko oreka mantentzeko eta isilunerik ez sortzeko.
Parte hartzaileen artean, ezagutza ezberdina zen. Moderatzaileei euskaraz ondo jakitea eskatzen zitzaien, baina gainonerakoek nahikoa zuten berbetan jakitea. Txanda bakoitzean, taldetxoak hirutan aldatzen ziren. Hala, hogei minutuan behin, parte hartzaile bakoitzaren solaskideak berriak izaten ziren. Talde berriak, beraz, gai berria esan nahi zuen.
Gorputz heziketaz berba egin zuten. Adibidez, eztabaidatu zuten ea gorputz heziketari zegozkion eskola orduak gutxitu behar ziren ikasleek zientzia eta hizkuntzetan duten maila eskasa hobetzeko. Baita beste gai batzuekin lotzeko moduaz ere; hala nola elikadura, higienea eta ohitura osasungarriak. Hau edo beste esatea zen garrantzitsuena, zer esaten zen baino gehiago. “Euskara kalera atera gura izan dugu, oraindik ere Bilbon euskaraz bizitzea zaila den arren, egin egin daitekeela uste dugulako”.