Mungia aldean CAV Compañia de Autobuses Vascongados enpresak kudeatzen du Bizkaibusen autobus zerbitzua. Irailaren 10ean, neguko ordutegia hastearekin batera, hiru gidariri ez zieten berritu kontratua, eta ibilgailu bat kendu dute. Ondorioz, bi linea batu egin dituzte, eta harrezkero Mungia eta Bilbo arteko zerbitzua hankaz gora dabil. “Orduak ez dira betetzen, gidariak ezin iritsita gabiltza”, azaldu du Javier Agirrek.
Mungia eta Bilbo arteko lineako gidaria da Agirre, eta baita enpresako ELA sindikatuaren ordezkaria ere. Herria hiriburuarekin lotzen dituen bi linea daudela azaldu du: 3516 eta 3517. Aurrenekoa zuzenean doa autobidetik; bigarrena Txorierritik igarotzen da, herriz herri. “Orain arte, zuzeneko linean hiru ibilgailu genituen, eta bestean, bost. Orain, berriz, bi lineak batu dituzte, eta guztira zazpi ibilgailu ditugu”.
Eta modu honetara azaldu du euren egitekoa: Mungiatik Txorierri zeharkatu duen 3516 linean hasten dute ibilbidea. Bilbon 3517a hartu eta zuzenean doaz Mungiara. Txorierritik bueltan egiten dute Bilborako bidea. Hala ibiltzen dira lineak txandakatuz. Eta, tarteka, 3517 linea Berreagamendi urbanizaziotik igarotzen denean, are denbora gehiago behar izaten dute Bilbo eta Mungia arteko ibilbidea osatzeko.
“Baliabide gutxiago ditugu, baina ordutegiak mantendu dituzte. Arazoa, honako hau da: 3417 linearen ibilbidea osatzeko, 50 minutu baino ez ditugu. 08:10ean irteten bagara Bilbon, 09:00etan Mungiatik abiatu behar dugu bueltan. Baina, berez, 09:05 edo 09:10ean iristen gara Mungiara. Han, lineaz aldatu eta jendea igotzen denerako, ia 09:15 ere badira. Autobusak 09:00etan irten behar zuen Mungiatik”.
Gidariak estresak jota ibiltzen direla dio, beti presaka berez betetzea ezinezkoa zaien ordutegia betetzeko ahaleginean. Eta erabiltzaileak, haserre. Mungiak Bilborako autobusak ordu laurdenero dituela gogoratu du Agirrek. “Eta beti oso puntualak izan gara. Orain, baina, askotan ordu puntuetako autobusa, laurdenekoarekin batera abiatzen da Mungiatik, Bermeotik edo Bakiotik datorrenarekin. Beraz, jadanik autobusak ez daude ordu laurdenero, eta erabiltzaileek 20 minututik gora egin behar izaten dute geltokian zain. Guk entzun behar izaten ditugu haserreak”.
Eguraldi txarra hasten denean eta zirkulazio arazoak sortzen direnean are okerrago ibiliko direla iragarri du Agirrek. Erabiltzaileei kexatzeko deia egin die, baina gidariei barik, Bizkaiko Foru Aldundira deituta edo erreklamazio orriak eskatuta. Bitartean, CAVeko langile batzordeak enpresarekin bilera bat egitea eskatu du. Oraindik ez dute erantzunik jaso. “Arduradunarekin hitz egin nuen lehengoan, eta esan zidan badabilela konponbide bila”.