Datorren urteko aurrekontuetan, Bilbora Sabino Aranatik sartzeko dagoen biaduktoa eraisteko diru sail bat gordetzeko eskatu dute Bilduk eta PSE-EEk. Bi alderdiok elkarrekin arauz besteko proposamen bat aurkeztu dute Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Koalizio abertzaleak eta PSE-EEko ordezkariek gogora ekarri dute zubibide hori eraisteko promesa egin zuela Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldi. Hirigunean “denetariko zerbitzuak eta erosotasunak” dituzten bitartean, auzoak “utzita” eta “beharrizanak betetzeko dirua sobran noiz egongo den zain” daudela azaldu dute, gainera.
Joan den ekainean Itziar Garamendi Garraio foru ahaldunak egin zituen adierazpenek hautsak harrotu zituzten Basurtun: zubibidea eraisteko proiekturik eta baliabide ekonomikorik ez zegoela iragarri zuen. Auzotarrek ez dute amore emateko asmorik, baina kezkatuta daude.
Degradazioaren beldur
Auzotarrek argi daukate Sabino Aranako sarreraren ordez San Mamesekoa martxan jarri eta biaduktoa zirkulaziorik gabe geratzen denean —apiril aldera, foru aldundiak iragarri duenez— “inguru horrek izango duen degradazioak” eragin handiena beraiengan izango duela. Basurtuko Auzokoen Elkartearen bileretan hori izan ohi da gehienen kexa. Francisco Javier Muñoz elkarteko presidenteak azaldu duenez, “zirkulaziorik ez duen zubibide bat zer bihur daiteke? Erabat degradatuko da”.
Beraz, auzokoen elkarteak abuztuan batzarrak egiten hasi ziren PSE-EE, Bildu eta PPrekin, eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiarekin batzar bat egiteko eskaera egin zuten. Bilbaoren erantzunik jaso ez dutela ikusita, beste eskutitz bat bidali dute. Egun batzuetako tartea utziko diote, eta erantzunik jaso ezean, manifestazioak egingo dituzte.
“Helburua? Duela 15-20 urte foru aldundiak berak agindutakoa betetzea”. Izan ere, Muñozen arabera, “autobideko sarrera hori, kutsadura eta zirkulazio eta zarata handia eragiteaz gain, oso garrantzitsua den eremu bat leheneratzea eragozten duen hirigintzako trintxera bat da. Bilboko etorbiderik garrantzitsuena da”.
Udala ere era horretako espazioak leheneratzeko prozesuan murgilduta dagoela ekarri du gogora Muñozek. “Aldundian eta udalean alderdi bera egon arren, udalak badaki zubibidea eraitsi beste konponbiderik ez duela”. Gogorarazi duenez, gainera, “hiria inbaditzen duen munstrotzat” jo izan dute erakunde biek biaduktoa. Foru aldundiaren postura kritikatu du: “Itxuraz, ahaztu egin ditu agindutako guztiak eta kasu batzuetan, iraingarriak ere badiren gauzak esan dizkigu. Besteak beste, arazo estetiko bat baino ez dela, eta ez dutela horretan dirurik gastatuko”.
Eurak hainbat proposamen dituzte Basurtuko inguru hori biziberritzeko: lur azpiko aparkaleku bat, liburutegi bat, parkea… Eta udalari aurkeztu dizkiote proposamenok.