Historian zehar gizonen asmakizunak balira bezala agertu dira hainbat tresna. Benetan, ordea, emakumeak zeuden asmakizun edo ikerketa horien atzean. Ezinezkoa zitzaien, baina, euren lana berea zela zabaltzea, emakume izateagatik soilik. Hala ere, garrantzi handiko aurkikuntzak egin dituzte hainbat eta hainbat emakumek historian zehar. Errealitate hori argitara emateko, erakusketa bat zabaldu dute Portugaleten, Santa Klara kultur gunean, hain zuzen ere: Emakume ingeniariak, asmatzaileak eta arkitektoak.
“Barakaldoko ingeniaritza eskolako proiektu gisa sortu zen erakusketa. Emakumeek historian zehar egindako lan hori ezagutarazteaz gain, hemengo emakumeak ikerketa lan horietara animatzeko modu bat izan zitekeela pentsatu zuten. Batez ere, teknologiaren alorrean”, azaldu du Maria Jose Blanco Portugaleteko Udaleko Gizarte Ongizate zinegotziak. Izan ere, alor horren bitartez jarri du udalak erakusketa ikusgai, Berdintasunari dagokion sailaren bidez.
“Bidea zabaldu duten emakumeak izan dira gure aurretik. Egindako lanetako asko gizonen izenean jarri behar izan zituzten. Emakumeek ezin zituzten patentatu edo ezin zituzten eurenak bezala aurkeztu; beraz, meritua gizonei zegokien”, ekarri du gogora Blancok.
36 emakumeren lana
Hori dela eta, atondutako erakusketak ikerketaren alorreko 36 andrazkoren berri ematen duela azaldu du. “Garrantzitsuak izan dira emakumeok teknologiaren historian”. Zertzelada batzuk ematen ditu erakusketak hainbat materia edo diziplinatan andreek egindako ekarpen esanguratsuari buruz. “Hain justu, uste dugu emakumearen lana aldarrikatu eta berdintasuna sustatzeko modu bat ere badela”, aditzera eman du zinegotziak.
Marie Anne Lavoisier da erakusketak jasotzen dituen emakumeen artean antzinakoena: “Newtonen garaikoa da. Harekin ari zen lanean, eta haren ikerketak zabaltzen zituen”. Beraz, XVIII. mendetik aurrerako emakumeek egindako lanak jasotzen ditu erakusketak, “batez ere XX. mendetik aurrerakoak”, zehaztu du. “Ez daude jasota euren lana hasieratik aitortu zieten emakumeak. Besteak beste, Marie Curie ez da azaltzen, hain zuzen, erabat ezaguna delako. Helburua ezezagunak zirenak edo ezkutuago geratu direnak ezagutaraztea zen”.
Marie Anne Lavoisier kimika modernoaren sortzaileetako bat eta Mary Anderson haizetako garbigailuaren asmatzailea ikus daitezke, besteak beste, erakusketan. Andersonek, gainera, emakumeek asmakuntzak patentatzeko eskubidearen aldeko mugimenduan hartu zuen parte. Marion Donovanek bizitza osoa asmakizunetan eman zuela ikus daiteke Portugaleten. Erabili ostean botatzeko diren pixoihalen asmatzailea izan zen Donovan. Emily Warren ere ageri da; Brooklyngo zubia amaitzeko lanak ikuskatu zituen hark. Guztien lanen berri ematen duten panelek osatzen dute erakusketa.
Astelehenetik ostiralera bitartean bisita daiteke: 09:00etatik 21:00etara.