Oposizioa: “Hegoaldeko saihesbideak ez ditu bete helburuak”

Urte bat bete berri du Bilbo hegoaldeko saihesbideak, eta, orduan bezala, kritikak jaso ditu alde guztietatik. Bizkaiko Foru Aldundia pozik dago azpiegitura horrek lortutako emaitzekin. Itziar Garamendi Garraio eta Herri Lan foru ahaldunaren hitzetan, “helburuak bete ditu bere lehen urtean”. Oposizioko hiru alderdiek, ordea, gaitzetsi egin dituzte ahaldunaren berbok. Bilduk, PPk eta PSEk ukatu egiten dute helburuak bete direla. Garamendik, dena den, aitortu du “2004an diseinatutako aurreikuspenak” ez direla bete, “krisi ekonomikoa dela eta”. Aurreikuspenak, bada, %61 bete dira.

Egunero 14.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik; horietatik 4.300, astunak. “Aurreikusitako ibilgailuen erdiek ere ez dute erabiltzen, eta urte honetan bildu behar zen diruaren laurdena ere ez da jaso”, salatu du Esther Martinez bozeramaile popularrak. “Helburuak bete direla esatea adarra jotzea da”, gehitu du. Hegoaldeko saihesbidea “ahuleriak jota hilko” dela ere ohartarazi du.

Iñaki Egaña batzarkide sozialistak prezioak negoziatzean aurkitu du konponbidea. “Gaur egungo erabilera eskas hori ohiko bihurtuko da martxa honetan”, ohartarazi du. Ezinbesteko azpiegitura iruditzen zaio Egañari, baina uste du foru aldundiak zerbait egin behar duela erabilera hazteko: “Garraiolariekin eseri eta ordainsariak adostea izango litzateke zentzuzkoena”.

Bilduk hainbatetan egin du berba errepide horren aurka. Koalizioak, baina, arazo orokorrago baten barruan kokatu du. Haien ustez, azpiegitura erraldoietan oinarritutako politika dauka foru gobernuak, eta eredu hori egin du egun Bizkaiak duen zorraren erantzule.