Minda plantan instituzioen kontrola falta izan dela dio Herri Kontuen Euskal Epaitegiak

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren ustez, Karrantzan eraikitzen hasi ziren minda plantaren auzian “ez da nahikoa izan” administrazio publikoek egin duten kontrola. Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Karrantzako Udala dira tartean egon diren erakundeak, proiektua diruz lagundu dutenak. Herri epaitegiaren arabera, “ez dituzte behar beste kontrolatu proiektuaren garapena, eraikuntza gastuak eta diru laguntzen eta diru aurrerapenen justifikazioak”.

Karrantzako Minda zen proiektuaren bultzatzailea. Besteak beste, herriko udalak eta abeltzainen sindikatuak osatutako enpresa horrek gerora itzulgarriak izango ziren aurreratutako 13,5 milioi euro jaso zituen administrazio publikoen eskutik. Gainera, diru laguntza gisa beste 10,02 milioi euro ere eman zizkioten. Erakundez erakunde, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako datuen arabera, diru sorta hauek jaso zituen proiektuak: Eusko Jaurlaritzak 3,5 milioiko aurrerakina eta 4 milioiko diru laguntzak eman zizkion, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaian; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen eta Nekazaritza sailetatik, osotara bi milioi euro jaso zituen; eta Espainiako Gobernuak lau milioi jarri zituen.

Diru emate horietan hainbat irregulartasun aurkitu ditu epaitegiak. Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa programan 2006an eta 2008an emandako diru laguntzetan, “konkurrentzia eta objektibotasun printzipioak hautsi ziren”. 2008an, gainera, diru laguntza horrek daukan gehieneko kopurua baino gehiago eman zitzaion. Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako diru laguntza guztietan eta Eusko Jaurlaritzak onartuetako batean ere “araudia hautsi da”, enpresak egindako gastuen justifikazioak “ez zituelako betetzen diru laguntza horiek jasotzeko baldintzak”.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dioenez, bi erakunde horiek onartu zituzten fakturak ez zegozkien inbertsioei, hala behar zuten arren. Faktura horietan, administrazioen aldetik jasotako aurrerakinen berri ematen zen, eraikitze lanen kostuak eta bestelako inbertsioak azaldu beharrean. Gainera, “tartean dagoeneko aurretiaz aurkeztutako fakturak berriz aurkezten ziren, berriak zirelakoan, eta onartutako inbertsio aurrekontuan ez zeuden gastuei zegozkienak ere bidaltzen zituzten”.

Azkenik, epaitegiak ohartarazi du enpresak oraindik dirua itzultzeko duela: aurrerakinengatik, 1,5 milioi itzuli behar ditu, eta Eusko Jaurlaritzari 1,7 milioi euroko diru laguntzaren ordaintzea ere zor dio.