Bizkaiko Foru Aldundiak ez du aintzakotzat hartuko Espainiako Gobernuak uztailean menpekotasunari dagozkion laguntzak gutxitzeko onartutako errege dekretua; laguntza guztiei eutsiko die eta kopuru berbera jasoko du gaixo bakoitzak. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak iragarritako murrizketek ere ez dira arlo horretatik etorriko. “Aurrekontu doiketak ez du eraginik izango menpekotasunerako laguntzetan”, aurreratu du, Pilar Ardanza Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru ahaldunak.
Uztaileko azken Ministro Kontseiluan onartu zituen Mariano Raxoiren gobernuak menpekotasunari dagozkion murrizketak, eta abuztuaren 1ean sartu ziren indarrean. Menpekotasuna duena familiakoek zaintzen duten kasuetan diru laguntzaren murrizketa %25ekoa izango dela zioen dekretuak. Etxeko baten ordez zaintzailea kanpoko profesional bat den kasuetan, %15eko beherakada izango dute. Bizkaian, baina, murrizketok ez dute eraginik izango, foru aldundiak hala erabakita. Gainera, Ardanzak argitu du abuztuaren 1etik hona laguntza eskatu dutenek ere baldintza berberak izango dituztela. Aurrera begirako asmoak ere agertu ditu: prebentzio beharrak egingo lituzkeen egoitza sare bat sortu gura du foru aldundiak.
Uztaileko errege dekretu hartan beste aldaketa bat onartu zuen Espainiako Gobernuak, ordea. Orain arte zaintzaileak familiakoak diren kasuetan behar horregatik Gizarte Segurantzari ordaintzen zioten, gehienen kasuan ez baitute beste lanik, eta izateko aukerarik ere ez; aurrerantzean, baina, ezingo dute ordaindu. Ardanza neurri horren kontra agertu da, baina adierazi du aldundiak ezin duela ezer egin, bere eskumenetatik kanpo dagoelako.
Oposizioak begi onez hartu du albistea, baina zalantzak dituzte hori guztia nola finantzatuko den. Izan ere, hiru alderdiok gogoan hartu dute Jose Luis Bilbaok Batzar Nagusietako osoko bilkuran egindako iragarpena: aurtengo aurrekontua %6 eta %8 artean murriztuko du foru aldundiak. Ardanzaren esanetan, “gakoa lehentasunak ezartzea da, eta guretzat gizarte laguntzak dira garrantzitsuena”. Datuak ere eman ditu. Bere sailak “350 milioi euro inbertitzen ditu menpekotasunean” eta kopuru horretatik “%10 eta %19 artekoa baino ez da Espainiako Gobernutik iritsitakoa”.
Bilduk erantzun dio murrizketak egin egiten dituela. Irune Soto bozeramaileak laguntza horiek jasotzea zailtzen ari direla ekarri dio gogora: “Laguntza jasotzeko baldintzak gogortzea, berez, bada murrizketak egitea”.
Ardanzaren berbekin abegikorrena talde sozialista izan da: “Albiste zoragarria da menpekotasunean ez dela murrizketarik egingo jakitea”. Juan Otermin PSE-EEko batzarkidearen esanetan, bide horretatik jarraitu beharko litzateke aurrerantzean, eta honako eskaera hau egin du: “Jaurlaritzarekin, beste herrialdeekin eta udalekin bat egin behar dugu Raxoik inposatutako bidegabeko murrizketen kontra”.
Eduardo Andres batzarkide popularrak albistea ontzat jo arren, Raxoiren gobernuak hartutako neurriak babestu ditu, “sistemaren egonkortasuna bermatzen dutelako”. Haren ustez, “errealitatearekin bat datoz, sistemak gainezka egin baitu”.