Irriak nonahi zabalduz

Jaialdia

Gernika-Lumo

Irrien Lagunak klubaren bigarren urteurrena ospatzeko jaialdia egingo dute domekan, Gernika-Lumon: Irrien Lagunak klubaren bigarren jaialdia, hain zuzen ere. Iaz Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten lehenengoa, eta aurten Busturialdeko herri honi egokitu zaio.

10:00etatik aurrera, umeak eta haien senideak bihurtuko dira protagonista herriko kaleetan. Bi gunetan banatuta egongo dira jarduerak. Gune nagusia Pasealekuan kokatuko dute. Bertan izango dira oholtza nagusia, tailerrak, puzgarriak, ikuskizun nagusiak, informazio gunea eta sarrera zein edarien txartelen saltokia.

Mila lagunentzako bazkaria

Bigarren gunea Merkatu plazan kokatuko dute. Han, mila lagunentzako bazkaria prestatuko dute Seber Altube ikastolakoek. Haurren menua eta helduen menua egongo dira aukeran: Zortzi euroan lehenengoa, eta, hamasei euroan bigarrena.

Bazkaltzeko lekua aldez aurretik eska daiteke Irrien Lagunak klubaren Facebook orrian edo kudeaketa@irrienlagunak.com helbide elektronikora mezu bat bidalita. Merkatu plazako guneko saltokian egunean bertan ere txartela eskuratzeko aukera egongo dela jakinarazi dute, dena den, antolatzaileek.

Ikuskizun nagusietan egon nahi dutenek, iaz legez, aurten ere sarrera erosi beharko dute. Lau euroan salduko dute banakakoa, eta hamar euroan familiakoa. Irrien Lagunak klubeko txartela dutenek, bestalde, doan izango dute egun osorako sarrera.

Horrez gain, jaialdian irabaziak lortzen badira, horien zati bat Txatxilipurdi aisialdi elkarteari emango dizkiote. Berramesten egitasmoa sustatzen laguntzeko erabiliko dute diru hori. Hain zuzen, Francesco Tonucciren La ciudad de los niños liburua (Umeen hiria) euskaratu eta horren ekoizpena sustatu nahi dute. Besteak beste, gainera, Tonucci bera Euskal Herrira gonbidatu nahiko lukete, haurrek hezkuntzan eta herrigintzan izan behar duten garrantziaz hitzaldiak ematera. Umeek eurentzako espazioak berreskura ditzaten du helburuetako bat elkarteak, hiriko kaleetan jolasteko aukera izan dezaten.