Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz esan du herrialde historikoko udalen finantza egoerak “osasun ona” daukala. Asteon bertan egin ditu azkenekoz adierazpenok Joan Mari Aburto foru bozeramaileak, iazko udal kontuen likidazioa eginda. Oro har, albiste onak eman ditu: 112 udaletatik 88k iazko ekitaldia soberakinekin bukatu zuten. Baina gainerako 24 udaletatik, dagoeneko badira bi, ezinaren ezinez, zorpetze muga gainditzeko baimena eskatu behar izan dutenak. Alonsotegik eta Gautegiz Arteagak ez dute dirurik fakturak ordaintzeko, eta mailegu berezi bat eskatzeko premian daude.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusita zuen egoera hori. Hala, udako oporrak hartu aurretik, legeak finkatutako zorpetze muga gainditzeko baimena eman ahal izateko arau bat onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Orduan, kalkulatu zuten 30 udal egongo zirela agian egoera horretan. Orain, baina, Aburtok berak uste du gehienera hamabi baino ez direla izango: Gautegiz Arteaga, Alonsotegi eta beste hamar. Ez du gura izan horien izenik aipatu, baina azaldu du denen artean Bizkaiko herritarren %1,42 baino ez dutela ordezkatzen.
Horietako bat Meñakako Udala izango da, agian. Bizkaiko Foru aldundiak ezagutarazi dituen datuei erreparatuz, egoerarik larrienetakoa duena da. Herri horrek errolda ofizialaren arabera 726 biztanle ditu, eta 333.000 euroko kontrako balantzarekin bukatu zuen 2011; alegia, urte hartako aurrekontuaren (735.687 euro) ia erdia (%45) zen zorra. Zaratamo ere halatsu dabil, 313.00 euroko defizitarekin. 1.666 biztanle ditu azken errolda ofizialaren arabera, eta iazko aurrekontuaren %23,58 da defizita: 1.327.211 euro. Iturri berberaren arabera, Otxandioko Udala —94.000 euroko kontrako balantza—, Aulestikoa —85.000 eurokoa— eta Ubideko udala —45.000 eurokoa— ere larri dabiltza. 2011 zorretan bukatu duten Bizkaiko 24 udaletatik erdietan, zorra aurrekontuaren %10 baino handiagoa da.
Kontuak arteztu ezinik dabiltzanen zerrenda horretan daude Galdames, Fruiz, Munitibar, Zeanuri, Mendata, Dima eta Errigoiti ere. Dena den, horien defizita diru sarreren %10 baino txikiagoa da. 24 udalerri horien balantza negatiboa 13 milioi euro da.
Soberakinak izan dituztenek osatzen duten balantzaren zorioneko aldean daude Bizkaiko beste 88 udalerriak. Gehienak handiak dira. Denen artean, 235 milioi euroko gordekinak izan dituzte.
Bizkaiko udalek banketxeekin duten zorra 177 milioi da; alegia, denen artean dituzten diru sarreren %13 inguru. Aburtoren esanetan, “ez da kezkatzeko moduko datua”. Azaldu du 153 euroko zorra dela batez beste bizkaitar bakoitzeko.