“Ez daukat itsasoan lan egiteko asmorik; lehorrean hobeto nago”

Jaiak bukatu ostean, tabernako konponketa eta txukunketa lanak egiten aritu da azken aste honetan Imanol Cerezo (Lekeitio,1986). Euskal Herriko beste gazte askoren antzera, Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskolan egiten ari den ikasketak eta tabernako lana uztartzen ditu. “Goizetan klasera joaten naiz, eta arratsalde eta gauetan arrebaren tabernan lan egiten dut. Nire kontura bizi naiz aspalditik, eta lanik egiten ez badut, ez daukat bizimodua aurrera ateratzeko nahikoa diru”.

Duela bederatzi egun hasi zuten ikasturtea eskolan, eta oraingoz ikusitakoarekin oso gustura dago lekeitiarra. “Irakasleek esperientzia handia daukatela nabaritzen da. Guztiek lan egin dute noiz edo noiz teorian azaltzen duten makinariarekin, eta hori oso garrantzitsua dela deritzot”.

Duela hiru urte egin zuen lehenengo bisita Ondarroako Arrantza Eskolara. Momentu hartan, ordea, Markiña-Xemeinen zegoen beste ikastaro bat gehiago interesatu zitzaion, eta ekainera arte bertan aritu da ikasten. Aurten, berriz, hiru urte atzera egindako bisita gogora ekarri, bisitatu zituzten makina eta tailerrak oroitu, eta Ondarroako eskolan izena ematea erabaki du.

Hasi berri dituen ikasketak bukatu ostean, ikasketen arloan geldialdi bat egiteko asmoa dauka Cerezok. “Azken hiru urteak lanean eta ikasten eman ditut, ia oporrik ere hartu barik. Hori dela eta, bi urte hauek bukatutakoan ez daukat ikasten jarraitzeko gogorik; nahikoa egin dudala pentsatzen dut”. Lan munduan gauzak gaizki daudela azaldu du Cerezok. “Telebistan behin eta berriz entzuten dugun krisi honekin gauzak ez daude ondo, baina denborarekin gauzak baretzen hasten direnean, oposizio batzuk prestatu eta mantenu lanetako arduradun gisa lan egitea gustatuko litzaidake”. Arrantza Eskolako ikasle den arren, itsasontzietatik eta itsasotik urruti ikusten du bere burua “Ez daukat itsasoan lan egiteko asmorik; neure burua lehorrean ikusten dut. Betidanik gurasoek eta itsasoan ibilitakoek itsasoko bizimodua oso gogorra dela kontatu didate, eta, horregatik, nahiago dut hemen geratu. Itsasoa beti azken aukera izan da gure etxean”, aitortu du. Eta ez da bakarra.

Aurretik Arrantza Eskolan ikasitakoak asko ezagutzen ditu Cerezok, eta horietatik bakarrak lan egin gura du itsasoan. “Gure aurrekoen bizipenak entzun ditugu, eta gazteoi gero eta gehiago kostatzen zaigu itsasora joatea. Nik neuk probatzeko egingo nuke itsasaldiren bat, edo, bestela, atunetan ere aterako nintzateke, baina tabernako lana lan ziurra da, eta orain ezin dut aldi baterako albo batera laga”.

Oro har, Arrantza Eskolako gelakide gehienek ere itsasoan lan egiteko intentziorik ez daukatela esan du Cerezok. “Hala ere, itsasoan lan egin gura ez arren, itsasoarekin lotura daukan tresneriarekin lan egin dezakegu. Itsasoko makineria konpontzen aritu direnak ezagutzen ditut adibidez”.

Cerezok, berriz, ikasgelan ikasitako guztia tabernan jartzen du praktikan. Bizkaiko Hitza-k komuneko argia konpontzen harrapatu du. “Hozkailua edo izotz makina izorratzen denean ere neuk konpondu ohi dut. Ohituta nago tabernako konponketa lanak neure gain hartzen; gainera, oso gustura egiten dudan lana da”.

Ikasketen alde teorikoa bukatu ostean praktikak egiteko garaia etorri ohi da. Cerezok aurretik ere Lanbide Heziketan ikasketak burutu ditu, eta praktiken inguruan pentsatzen hasita dago dagoeneko. Joan den urtean eskualdeko araztegian ibili zen. Aurten, ordea, oraindik ez dauka oso argi zer egingo duen. “Lekeitioko araztegian egitea ondo egongo litzateke, herrian bertan nagoelako eta, aldi berean, tabernako lanarekin uztartzeko arazorik izango ez dudalako. Hala eta guztiz ere, ezagutzen dut araztegien funtzionamendua, eta zerbait berria ikasteko lekuz aldatzea aukera ona izan daiteke”.

Zerbait berria ikasteaz hitz egiterakoan, Cerezorentzat garrantzitsua da hizkuntzak ikastea, gaur egun lan eskaintzetan gero eta gehiago eskatzen baitira. Hori dela eta, gustura joango litzateke Alemania, Polonia edo Ingalaterrara, hainbeste aldiz entzuten dituen herri horietakoren batera. “Oso zaila litzateke niretzat lanean hiru hilabeteko oporrak eskatu eta kanpora joatea. Markiña-Xemeinen ere kanpora joateko aukera eman ziguten, baina nik izenik ere ez nuen eman; banekien kanpora joatea niretzat ezinezkoa izango zela. Gainera, gezurrik ere ez dut esango, eta ingelesez hizketan ere ez naiz oso trebea”.