Desagertuek utzitako sufrikarioa

Gerraren krudeltasuna ezerk ezin dezake hobeto agertu gehiegikerien biktimen sufrikarioak baino. Hori pentsatuko zuen Gervasio Sanchez argazkilariak (Kordoba, Espainia, 1959). Hala erakutsi du, behintzat, Desagertuak deritzon erakusketan. Joan den astelehenean inauguratu zuten erakusketa, Durangon, San Agustin kulturgunean.

Latinoamerika, Asia eta Europako hamar herrialdetan desagertutako pertsonei eta haien senideei ahotsa ematen dieten irudiek osatzen dute erakusketa. Hain zuzen, Salvador, Guatemala, Argentina, Txile, Kolonbia, Peru, Bosnia, Irak, Kanbodia eta Espainiako irudiak aukeratu ditu Sanchezek.

Irudi gogorrak, gehiegikeria krudelen erakusle: Saddam Huseinen agindupean Iraken hobi komun batean pilatutako 3.000 kurduren gorpuak, Argentinako diktadura militarrek desagerrarazitakoen zerrenda amaigabeak, desagertutako biktima horien senideen borroka… Haiek ere biktima.

1998. eta 2010. urteen bitartean garatu zen proiektua, eta helburua “memoria, egia eta justizia aldarrikatzea” da, gehiegikeria onartezinek martirizatutako geografia batean aldarrikatzea ere. Desagertutako biktima horien presentzia oroimenera ekartzeko, Gervasio Sanchezek bidaia bihurri bati ekin dio. Bidaia horren abiapuntua bateko eta besteko errepresioaren biktimak preso egon ziren zorigaiztoko atxiloketa zentroak dira. Argazkiak ikusten dituenak hunkitzeko moduko irudiak aurkituko ditu. Biktima horien aztarnak oroitzapenetan edo denborari aurre egin dioten ondasunetan aurkitzen dira.

Zuzeneko biktimen ondoan, sufritzen duten beste biktima batzuk ere sortzen dituzte egoera horiek guztiek, gainera. Senideek ez daukate desagertutako familiako kide horren hutsunea betetzerik. Eta hark sufritu zituenak pentsatze hutsak, ilea lazteaz batera, barruak astintzen ditu. Haiek ere gogoan dauzka Sanchez argazkilariak: “Izan ere, urteak igaro ahala, ondorioztatu dut desagerpena heriotza baino txarragoa dela, eta biktima, desagertua bera izateaz gain, haren familiako kide bakoitza ere badela”.

Bide beretik, erakusketaren komisario Sandra Balsellsek azaldu duenez, “gorpuzkiak non dauden jakiteak eta ondoren hobitik ateratzeak dolu nekagarriaren bukaera ekartzen die senideei. Haientzat, irekitzen den hilobi bakoitzeko zauri bat ixten da; hilobitik ateratako gorpuzki bakoitzak irrikaturiko lasaitasuna ematen die”.

1936ko gerra ere, presente

Erakusketaren azken atala 1936ko gerrak eta ondorengo Francoren diktadurak eragindako desagerpenei buruzkoa da. Besteak beste, hobi komunetan lanean diharduten auzitegiko medikuak eta aurkitutako desagertuei egindako omenaldien irudiak ikus daitezke.

2008an hartu zuen Sanchezek Espainiako arazoaren benetako kontzientzia. “Buru-belarri sartu nintzen gure arazoan. Zergatik dira guatemalarrak, kolonbiarrak edo irakiarrak gu baino ausartagoak? Nazioarteko zuzenbideak ikertzera behartzen gaitu. Zenbatu ezin daitekeen desagertuen kopuru handi bat egon arren, 200 hobi komun besterik ez da zabaldu eta 5.300 gorpu aurkitu. Estatuak lan horrekin jarraitzeari uko egiten baldin badio, demokraziari uko egiten ibiliko da”, esan izan du.

Erakusketa irailaren 30era arte egongo da zabalik San Agustin kulturgunean. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara bisita daiteke; larunbat eta igandeetan, bestalde, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Desagertuak ez ahazteko

Gervasio Sanchezen ia bizitza osoa desagertuei lotuta dagoela esan daiteke. 24 urteko ikaslea zela, Bartzelonako Amnesty Internationalen bidez, Guatemalan eta Salvadorren gertatzen ari ziren eskubide urratzeei buruzko txostenak iritsi ziren haren eskuetara. Hango kontu latzen berri izan zuenean, bere kamera desagertuen eta haien familien zerbitzura jartzeko hautua egin zuen. Erakusketako argazki guztiak mende laurdenean egindakoak dira.