Trebetasunik ez zaiola falta erakutsi du Luna izeneko Gorbeia arrazako artzain txakurrak. Sodupeko Jose Ramon Garciarekin bizi da, eta haren agindupean zaintzen ditu ahuntzak. Haien basatasunera ohituta, aise menderatu zituen harean otzanagoak diren ardiak, joan den domekan Atxondon jokatutako Euskal Herriko artzain txakurren 46. lehiaketan. Txapel eta guzti itzuli ziren etxera ugazaba eta biak. Euskal Herriko herrialdeetako txapeldun eta txapeldunordeek parte hartu zuten, iazko Euskal Herriko txapeldunarekin batera. Denen artean ikuskizun ederra eman zuten.
Aurtengo irabazlea ez zegoen lehiarako une aproposenean. Luna ama izan berri da. Bederatzi txakurkumez erditu ostean iritsi da txapelketara; gainera, hanka batetik herren dabil. Halere, argi erakutsi zuen nortasun gogorreko eta jenio biziko txakurra dela.
Baldintza egokietan dagoen txakur batek duen abiadura lortzerik izan ez zuen arren, erraz menderatu zituen ardiak. Izan ere, ohituta dago Sodupeko larreetan ehun bat ahuntz menderakaitz bere esanetara jartzen. “Motel samar dabilen arren, ardiei aurre egiteko kuraia dauka, ez die batere beldurrik, eta nire aginduei esanekoa da”, dio Jose Ramon Garcia ugazabak. Hiru minutu nahikoak izan zituen ardiak itxituran sartzeko. Honako hau 15. txapelketa izan da Garciarentzat; hirugarrena txakur eme honekin.
Iazko Euskal Herriko txapelduna ere bizkaitarra izan zen, Bizkai izeneko txakur abadiñarra. Aurten hirugarren gelditu da. Iñaki Beitia epailearen esanetan, “Bizkaian artzain txakurren maila gainontzeko herrialdeetan baino hobexeagoa da, herri askotan oraindik artzaintzari eusten diotelako”. Horri esker, parte hartzaile kopurua gainontzeko herrialdeetakoa baino handiagoa izan ohi da.
Dena den, haren esanetan, beste urte batzuetan baino maila apalagoa izan da aurtengo txapelketan. “Hirugarren postutik atzera nabaritu da, batez ere. Huts garrantzitsuak egin dituzte, txapelketa batean egin ezin direnak”, azaldu du Bizkaiko artzain txakurren Beitiak, elkarteko presidente ere badenak. Bizkaiko txapeldunordearen adibidea jarri du: “Enrike Mendigurenek eta haren txakur Riki-k lehen ariketan huts egin dute, nerbioak direla eta. Hortik aurrerakoak akabo”.