Portu Zuzendaritzak hartu du Bermeoko kirol portuaren kudeaketa

Bermeoko kirol portuaren erabiltzaileei gehiegi kobratutako dirua itzultzeko zigorra ipini dio Espainiako Auzitegi Gorenak Euskadiko Kirol Portuak sozietate publikoari (EKP), eta horrek ondorioak eragin ditu portu zaharraren kudeaketan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak baieztatu duenez, epaiaren ondoren EKP alboratu eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Arazoetako Zuzendaritzak hartu du kudeaketa.

2006an hartu zuen EKPk Bermeoko portuaren ardura, ingurua berritu eta Eusko Jaurlaritzak kirol portua sortu zuenean. Orduan, baina, Bizkaiko beste portuen erabiltzaileek ordaintzen zuten baino %40 gehiago kobratzen zitzaiela salatu zuten portu zaharraren erabiltzaileek. “Gainontzeko portuetako bazkideek Jaurlaritzak zuzenean ezarritako prezioak ordaintzen zituzten, tasa publikoen legeak ezarritakoa”.

Bada, prezioak “gehiegizkoak” zirela iritzita, hainbat izan ziren portu zaharreko erabiltzaileek ipinitako helegiteak. EKPk kobratzen zituen prezioen “legezkotasunik eza” salatzeaz gain, sinatutako alokairurako kontratuak baliogabetzea eskatu zuen Portu Zarra elkarteak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Portu Zarra elkarteari 2009an, EKPk igorritako likidazioak, sinatutako kontratuak eta fakturak eta ezarritako prezioak baliogabetzen zituen epaia emanez. Epaiak Jaurlaritza behartzen zuen zenbatekoa eta interesak ordaintzera, baina, bere sozietate publikoaren diru sarrerak zirenak itzultzea ezin zitzaiola eskatu argudiatuta, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen.

Epaiaren berrespena

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai hura berretsi egin du aurten Espainiako Auzitegi Gorenak. “Eraginkorragoa edo bizkorragoa izango zelakoan, Bermeoko kirol portua kudeatzeko sozietate publiko bat erabili dute, eta, hori aitzakiatzat harturik, legezkoak direnak baino tasa handiagoak kobratu dituzte. Kudeaketak, ordea, Eusko Jaurlaritzarena behar luke”, dio sententziak, besteak beste. Eta horregatik alboratu dute EKP gestiotik.

Alabaina, sententzia ez da guztiz bete, Eusko Jaurlaritzak ez baitie itzuli Bermeoko portuko bazkideei sobran kobratutako dirua. Bada, Portu Zarra elkartearen abokatuak jakinarazi duenez, aztertzen ari dira Eusko Jaurlaritzak epaia betearaz dezala eskatzeko idatzi bat egitea, aste honetan bertan epaia bete ezean.