Urteroko adierazpen orokorra egin du Bizkaiko ahaldun nagusiak asteon, Batzar Nagusiek Gernika-Lumoko batzar etxean eguaztenean egindako osoko bilkuran. Jose Luis Bilbaok ez du albiste onik izan bizkaitarrentzat: “Bizkaiak gerrikoa estutzen jarraitu behar du”.
Urtea hasi zenetik hona, foru ogasunaren diru sarrerak aurreikusi baino txikiagoak izan dira. Aurtengo aurrekontuak osatzerakoan, zerga bidez 2012an zenbat bilduko zen kalkulatu zuten. Bada, espero zuten kopuru horren %92 edo %94 baino ez dela bilduko dio orain foru aldundiak. Hala, Bilbaok beherakada horren neurrian doituko ditu aurtengo aurrekontuak. Alegia, iragarri du handik eta hemendik murrizketak egin beharko dituela, %6 eta %8 arteko hori aurrezteko, baina ez du zehaztu zein arlori helduko dion.
1. Zerga politika
Foru ogasunak duen desoreka horri konponbidea bilatzen hasita, ahaldun nagusiak hainbat neurri proposatu dizkie gainontzeko talde politikoei. Batetik, zerga sistemari aldaketa batzuk egin gura dizkio. Zerga onurak berriz aztertu nahi ditu: kenkariak, ordaintzetik salbuetsita dauden errentak eta itzulketak. Tasa handienen errenta eremuak ere zabaltzeko asmoa du, eta aurrezkiaren oinarria berriz aztertzekoa. Gainera, uste du araudi berria onartu behar dela, zergapetuek “benetan eskuratu dituzten irabaziak baino txikiagoak aitortzea zailtzeko”. PFEZa errazteko asmoa iragarri du, “zergapetuen eginbeharrak erraztu eta gehienei errenta aitorpena egiteko beharra kentzeko”.
Sozietateen zerga ere aldatu beharko litzatekeela dio. Bilbaok uste du gutxitu egin behar direla zerga erregimen bereziak. Enpresen sustapenerako sozietateen eta lurralde eta industria garapenerako sozietateen erregimen bereziak kenduko lituzke, besteak beste. Ondarearen gaineko zergari dagokionez, berriz aztertzeko asmoa du, zerga horren behin- behinekotasuna aintzat hartuta. Argi utzi du, halaber, Bizkaian ez dela amnistia fiskalik izango.
Zerga iruzurra bukatu beharraz ere ohartarazi du. Gogora ekarri du 2003tik 2.000 milioi euro azaleratu dituztela, baina onartu du gehiago egin daitekeela. Hala, iruzurraren aurkako foru arau berria prestatzen ari da. Gainera, ogasunerako zortzi ikuskatzaile berri hartzeko lan eskaintza publikoa egingo da.
2. Gizarte zerbitzuak
“Foru aldundiak ahalegin guztiak egingo ditu eskaintzen ari garen zerbitzuen maila mantentzeko; bereziki, menpekotasunen bat duten pertsonei dagozkien zerbitzuen arloan”. Berba horiekin, gizarte politiketan ez duela murrizketarik egingo iradoki gura izan du Bilbaok. Hirugarren sektorearekin dituen hitzarmen eta itun guztiak beteko dituela ziurtatu du; alegia, zerbitzu publiko horiek eskaintzen dituzten enpresa pribatuekin.
Haren esanetan, aurtengo aurrekontuan 350 milioi euro bideratu dira menpekotasuna duten 28.000 bizkaitarrei zerbitzua emateko. Eta mezu hau helarazi dio Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari: “Ez ditugu indarrean jarriko murrizketak. Kontrakoa. Menpekotasunak sortutako gastuen %50 ordaintzen jarrai dezala eskatzen diegu”.
Bilbaoren ustez, “Batzar Nagusien eta gainontzeko erakunde publikoen lehentasuna gizarte zerbitzuen bideragarritasuna bermatzea da”, eta horretarako beharrezkoak diren formulak asmatzeko eskatu du. Horren harira, gogora ekarri ditu berak aurrez egindako proposamen batzuk: “2009an eta gerora aipatu izan dut gizarte zerbitzuak finantzatzeko funts bat sortu behar dela, aurrekontuetatik kanpo. PFEZari edo gizarte segurantzari ordaintzen diogunari gainkarga bat jartzea izan daiteke, edo beste formula bat. Honetaz gogoeta egin behar dute herritarrek: ‘Prest zeundeke egungo errentaren zati bat emateko, egunen batean administrazioak gizarte zerbitzuak bermatzeko erabil dezan?'”.
3. Lehen urtea, “ona”
“Helburuak betetzen ari garela esan dezakegu. Batzar Nagusietan onartutako aurrekontuak ditugu, garaiz abiarazitako gastuaren doiketa politika bat eta zerga arloan inurri lana. Horri esker, Bizkaiaren diru kontuak etekin handikoak dira”. Ahaldun nagusiak dio ez dagoela “epe laburrera egoera hobetzeko esperantzarik” baina ez dutela “ordaindu gabeko fakturarik tiraderetan”. Agintaldiko lehen urtearen balantze “ona” egin du, bada, eta hilotako inbertsioak aipatu ditu. Hegoaldeko saihesbideari dagokionez, onartu du ez direla bete aurreikuspenak, baina dio errepidea ez dela “gaur egunerako bakarrik, betiko baizik”.
Udalen finantzabidearen arazoari ere konponbidea eman diote, Bilbaoren esanetan: “Horri esker, zorpetzeko aukera erabiliko duten udalak espero genituen 30ak baino askoz gutxiago izango dira”. Ekonomia suspertzeko, enpresa txikiak laguntzeko onartutako plana goraipatu du, baita Gaztenek planari esker 36 nekazari gazteri lagundu zaiela ere. Gogora ekarri du turismoak markak hautsi dituela udan, azken urteetako bilakaerari eutsiz.