Etxekoak jaun eta jabe

Aurreikuspenak hautsi, eta irabazi egin dute Bizkaiko kirolariek joan den zapatuan Getxoko Algorta auzoan izan zen Zazpi Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketan. Aditu eta zale gehienen ustetan, Nafarroa eta Gipuzkoa ziren faboritoak, baina etxeko taldeak eskuratu du txapela, hamar kiroletatik lautan garaile suertatuta. Orotara, 50 puntu lortu zituzten; 46 eskuratu zituzten nafarrek, eta 37 gipuzkoarrek.

Lapurdiko ordezkariek ere ezustekoa eman zuten; azken urteetako hobekuntza agerian utzi zuten. Hirugarren geratzeko zorian egon ziren, probaz proba erakutsitako maila onari esker, baina azkenean Gipuzkoa jarri zitzaien aurretik, bi puntu eskasen aldearekin. Lapurtarren atzetik Araba (24 puntu) eta Nafarroa Beherea (13 puntu) geratu ziren, hurrenez hurren. Zuberoak ez zuen ordezkaririk izan.

Lokotx biltzea izan zen aurreneko kirola. Oso ondo aritu ziren nafarrak zeregin horretan. Fernando Etxegarairi esker, irabazi egin zuten. Gipuzkoarrak geratu ziren bigarren, eta bizkaitarrak hirugarren. Txapela lortzeko bigarren hautagaiak, Gipuzkoak, txinga proban eskuratu zuen aurreneko garaipena, Juanjo Agirregabiriaren bizkortasuna tarteko.

Horra artean, bada, lehia espero bezala zihoan: Nafarroa eta Gipuzkoa garaipen banarekin. Hirugarrenean agertu zen Bizkaia, eta kolpean hiru aldiz irabazi zuen segidan, ikusle guztiak zur eta lur utzita. Jon Lapazaranek lasto altxatzen irabazi zuen, eta haren anaia Joxek, ingudearekin. Lastoetan bigarren geratu zen ordezkari lapurtarra, horrek ere aurreikuspenak hautsiz; ingudearen proban, berriz, Nafarroarentzat izan zen bigarren postua. Hirugarren garaipena orga jokoan eskuratu zuen Bizkaiak; Perezek irabazi zuen.

Lan onaren emaitza

Bosgarren proba iritsi zenean, harri-jasotzaileena, hiru proba irabaziak zituen Bizkaiak, eta bana Nafarroak eta Gipuzkoak. Oraindik ez zeukaten dena galduta. Gipuzkoarrek, bada, harri-jasotzean duten maila erakutsi behar izan zuten; baita lortu ere, Aimar Irigoienen garaipenarekin. Bigarren egin zuen Bizkaiak, eta hirugarren Gipuzkoak.

Lapurdi, oro har, maila ona erakusten ibili zen. Eta seigarren proban eskuratu zuen arratsaldeko lehen garaipena, etxera eramango zuten bakarra. Ezpeletako Ñapurrak taldeak irabazi zuen, bada, sokatiran.

Trontzan ez zen ezustekorik egon. Aurreko zapatuan Euskal Herriko txapela jantzi zuten Barberena anaiek, eta oraingoan ere euren nagusitasuna agerian utzi zuten: Nafarroa, aurrena; Bizkaia, bigarren. Azken ezustekoa aizkolariek eman zuten: Aitzol Atutxa bizkaitarrak irabazi zuen. Zaku lasterketan, azkenik, Martin, Santamaria eta Aizkorbe nafarrak izan ziren, zalantzarik barik, denetan onenak.