Berba bila

Izenburu bat eskatu didate Hitza-ko erredakziotik, izenburu bat hamabosteroko zutabe honentzat. Ez da kapritxoa; Izenak izana omen dakar. Sinpleki Ez direnak eta bi okurritu zitzaidan boteprontoan. Baita bota ere. Baina izenburu motzago bat eta, bide batez, bizkaitarrago bat eskatu zidaten berriro erredakziotik. Hau ere ez omen kapritxoa, badakizu egunkarietako maketek bere lekua dute; zehatza, neurtua, aldez aurretik egokitua… Orduan hasi ziren goiko mandioan arratoiak dantzan.

Suposatu gura nuke kresal minez, kostaldea utzi dugunon gaitzak jota, hasi nintzela itsas hondoko berbak azaleratzen ditxosozko tituluaren bila. Amua ezpanean nuela, Ondarroan esaten dugun legez, zerbaitek edo norbaitek zalantza eragiten dizunean. Mesfidantza eragiten dizunean, alajaina. Amua ezpainean jotako arraina beti dabil zuhur, zer datorkeen.

Baina hau ere luze. Maketak onartu ez. Eta traganarrua atera zitzaidan barrutik, haize zurrunbiloa azpian itsasotik jasotako ur tantaz edo lurretik jasotako hauts, harea edo zaborrez osaturiko anabasa bat eduki ohi duena. Gutxi iraun zuen ordea, ez zidan ideien nabigaziorako askorik laguntzen.

Dzanga egin gura nuen berbon artean, uretan bezala dzanga, baina hor ere ez nuen topatzen dzingurik. Atezuan oraindik, alerta gorria piztuta, ditxosozko izenburuaren bila. Ardora berbaz gogoratu nintzen, gure amumak itsasoko uren argitasunari erreferentzia egiteko bakarrik ez, distira larregiz jantzitako andreengatik erabiltzen zuen berba hartaz. Baina ez, hau ere ez. Ez daukagu urre gorririk.

Txifarra berba Juan Bidegainek kendu dit, bere azken film luze rako. Txifarra, presioan irteten den ur parrastada, lurrinduta edo birrinduta. Atunetan erabiltzen dena, adibidez, atunak kanpoan dagoena ikus ez dezan.

Dzirtdzartarako hitz bat besterik ez dut behar, kontu hau enparagarri bilakatu aurretik. Pentsatu nuen uhera ere ez zela txarra, arrastoa lagatzeko. Hitzen uberan izeneko literatur blogaren uhera zekarkidan ordea.

“Hitzak harrapatu nau”, pentsatu nuen ahoz gora. Tretza jarri didate ahoan eta nik enkarnata iruntzi. Hitza dut amu. Berba eman eta hartu, kendu edota jan egiten delako. Hitza beharrezkoa dugula, bertatik bertarakoetarako.

Aringaringan, izenburu definitiboaren bila joan beharko nintzen ba. Etxea teilatutik hastea tokatu zait berriro. Eta hurrik ezin eman. Barruko kala honetatik arituko naiz. Lehorra laga eta hitzekin bustitzeko ordua da barriro, hamabostero. Nora jo? —kolkoan nuen galdera: Atako bandara. Itsasoan kanporako bidea hartzeaz ari naiz. Berbazko itsaso honetan alajaina, kanporako bidea hartzea erabaki dudala. Ihes egitea, ulertu egidazue.