Astebete eskainiko diote Euskal Herriko poesiari

Laugarren urtez, Euskal Poesia Jardunaldiak antolatu ditu BBK aurrezki kutxak BBK aretoan, Bilbon. Datorren astelehenetik barikura, bost poesia eta musika errezitaldi izango dira, eguneko bat, euskaraz eta, batez ere, gaztelaniaz. Denak, 20:00etan.

Asteleheneko saioan, Galatea taldeak parte hartuko du, Malditas palabras erdarazko lanaren errezitaldiarekin. Martitzeneko saioa, berriz, euskal literaturako sortzaile ezagunetako bati eskainiko diote: Joseba Sarrionandia iurretarrari. Bernardo Atxaga idazleak, Ken Zazpi musika taldeko abeslari Eñaut Elorrietak eta Mikel Inunziaga kantautoreak iazko Euskadi Literatura Sariaren irabazlearen hainbat poema irakurriko dituzte.

Eguaztenean, Yolanda Castaño arituko da, Versos para escuchar y ver ikuskizunean. Eguenean, ikus-entzunezko emanaldi batez gozatzeko aukera egongo da, Carmen Isasi, Marina Perez, Carmen Bereziartua eta Pablo Gonzalezen eskutik. Barikuan bukatu da jaialdia, Tachia Quintanar artistaren ikuskizun berezi batekin.

POESIA JARDUNALDIAK

Non. BBK aretoan, Bilbon.

Noiz. Astelehenetik barikura, 20:00etan. Sarrera doakoa da.