Unamuno haurtzarotik ezagutuz

Miguel Unamunok bere bizitza osoan haurtzaroarekiko interes nabarmena erakutsi zuen. Harentzat, “arimaren erabateko hondatzea eragozten duen ukendua” zen haurtzaroaren oroitzapena. Argi zeukan bere arimaren geruza sakonenak Bilboko Zazpikaleetan izandako lehendabiziko esperientziekin sortuta zeudela. Horregatik, bere hondo erromantiko eta malenkoniatsuenetan urte haiekiko nostalgia agertu zuen behin eta berriro. Goiz agertu zuen gomuta multzo hori uneoro gogoratzeko asmoa, bere ariman eta bere irakurleenean eror zedin, eta testigantza horiek aurki daitezke berak idatzitako liburuetan —Recuerdos de niñez y mocedad eta Paz en la guerra, besteak beste—, hainbat artikulutan eta gutunetan.

Bilbao izan programaren bidez eta Miguel Unamunoren heriotzaren 75. urteurrena omentzeko asmoz, bertako idazle eta filosofo ospetsuaren bizitzan eta pentsatzeko moduan eragina izan zuten hainbat toki ezagutzeko ibilbideak antolatu ditu Bilboko Udalak. Horretarako, hiru bisita gidatu antolatu dituzte, maiatzean, ekainean eta irailean. Hilonetan egingo direnetan, bada, Unamunoren haurtzaroan eta gaztetasunean oinarritu dira, Jose Antonio Ereño Altuna Deustuko Unibertsitateko Historia doktorearen laguntzarekin. Parte hartu nahi izanez gero, 94-401 00 10 telefono zenbakian eman behar da izena, aurrez. Euskaraz ostiraletan 18:00etan baino ezin daiteke egin.

Ibilbidea Zazpikaleetatik

Bisitak Arriaga antzokiaren aurreko plazan hasten dira, Unamunorentzat bere Bilbo (Zazpikaleak) eta Abando banatzen zituen tartean. Idazlearentzat Bilbo Zazpikaleek baino ez zuten osatzen, eta 1870eko hamarkadan hiriak Abandoko Elizatea udalerriko zabalgune gisa anexionatu zuenean, garatu berri zen auzo hori beste mundutzat hartu zuen Unamunok. Zubiak bi ideia horiek banatzen zituen; alde batetik, mundu karlista, eta bestetik, liberala. Izan ere, garai horretan, Bizkaia osoa karlista zen, Abando barne; baina Bilboko Zazpikaleak liberalen aldeko gunea ziren.

Bisitaldiaren bigarren geltokia Zazpikaleetako Erronda kalea da, Unamuno jaio zen etxearen parean. Bertan udalak jarritako plaka bat ikus daiteke, idazlearen jaiotze datarekin. Jose Antonio Ereño historialariaren esanetan, “plakan idatzitakoa Unamunori gustatuko litzaiokeen moduan adierazita dago: 29 de setiembre de 1864, p hizkia sobera ikusten zuelako hitz horretan”.

Unamunorentzat toki hori Bilboko tokirik goibelena zen, kaleetara ia argi izpirik ailegatzen ez zelako. Hala ere, bere oroitzapenetan mantentzen zuen gunea izan zen, handik gertu dauden Begoñara igotzeko Mallonako eskailerekin batera. Eskailera horiek “heriotzaren bide” gisa oroitzen zituen. Izan ere, aita Felix hil zenean, lurperatu zuten hilerrira ailegatzeko horiek igo zituen, ama Salomerekin.

Ibilbidearen hurrengo geldialdia Joan Santuen eliza da. Unamunok ez zion bere bizitzan erreferentzia handirik egin eraikin horri, baina, bertan bataiatu zuten, eta ondoan dagoen Gurutze kalera bizitzera joan zen, haurra zela. Bizileku berri horretan, bizipen ugari izan zituen, eta hala adierazi zuen idatzi askotan. Izan ere, eraikin horretako behealdean, aitonak gozotegi bat zuen, eta hirugarren karlistaldiaren garaiko bonbardaketetan, bertako sotoan babesten zen. Goiko solairuan, berriz, margolari bat ezagutu zuen, eta, horregatik, margotzeko zaletasuna hartu zuen.

Jarraian, Posta kalean zegoen Iginio eta Sandalio irakasleen eskolan egiten dute geldialdia, Unamunoren ikasle garaiko uneak gogoratzeko. Irakasleak oso gogoan izan zituen, bertan bizitako abenturekin batera. Adibide moduan, Ereñok azaldutakoaren arabera, Unamunok idazkietan haurtzaroko hitzak erabiltzen zituen sarri, hala nola mokordo, memelo eta txotxolo.

Bisitak Santiago katedrala, egungo Unamuno plaza eta Plaza Barrian egiten ditu geltokiak, fede krisiak, institutuko garaiak eta amodio kontuak gogorarazteko, hurrenez hurren.

BISITA GIDATUAK

Noiz. Irailaren 29a bitarte.

Astelehen eta astearteetan. 17:00etan eta 19:00etan.

Ostegun eta ostiraletan. 10:00etan eta 18:00etan.

Larunbatetan. 10:00etan eta 11:45ean.