Astelehenean hasiko dute ikasturtea Sopuertan, beste hainbat lekutan bezala. Zenbait ume, baina, ikasgela batera eramango dituzten arren, ez daude eskolan matrikulatuta. Gurasoak egingo dira haien kargu, ahal dela irakasleren baten laguntza lortuta.
San Viator itunpeko ikastetxea besterik ez dago Sopuertan. Bi eta sei urte arteko ikasleentzako baino ez da, ordea. Hango eta Galdamesko gurasoek denbora luzea daramate Lehen Hezkuntzako zerbitzua eskatzen, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak oraindino ez duela martxan jarri salatu dute.
Jorge Rodriguez kaltetutako gurasoetako bat da. Hark azaldu legez, “eskola publikorako eraikina eginda dago jada. Milioi askotako inbertsioa egin zen. Bilboko Elizbarrutiak herrian duen San Viator ikastetxeari itsasita egin zuten, elizbarrutiak berak horretarako propio emandako lurretan. Arazoa da akordioa jasotzen duen agiriak honakoa dioela: euren lursailean eraikiko den eskola publikoan Haur Hezkuntza baino ezingo da eskaini, ez Lehen Hezkuntzarik”. Rodriguezek eta beste gurasoek Bilboko Elizbarrutiari ez diote ezer aurpegiratzen. “Bistakoa da, baina, erakunde publikoek erantzukizun handia dutela afera honetan”.
Eskrituretan jasotakoaren berri uda ostean izan dutela adierazi dute kaltetutako gurasoek. “2012 osoan udalak, Enkarterriko guraso elkarteek eta beste erakunde batzuek eginda dagoen eraikin horretan lehen hezkuntzako zikloa abiatzeko eskatu dute. Hezkuntza Sailak baimen hori eman eta irakasle bat jartzea besterik ez zuen egin behar; Lehen Hezkuntzako zikloa ezartzen hasi, hain justu”.
Hezkuntza Sailaren aldetik orain arte, “erantzutea beste erremediorik izan ez duen arte”, erantzunik ez dutela jaso salatu du Rodriguezek. “Eta erantzun duenean, gure hezkuntza eskubideak aintzat hartzeko moduren bat egokitu beharrean, gure kasuak fiskalaren esku uzteko mehatxua egin digu”.
Izan ere, egoera horren aurrean, seme-alabak ikastetxeren batean matrikulatuta ez dauzkaten gurasoek Hezkuntza Sailaren ohartarazpen bat jaso dute, 6 urtetik gorako umeak eskolaratzea derrigorrezkoa dela dioena eta hala egin ezean haien kasuak Bilboko Fiskaltzako adingabeen atalaren esku jarriko dituztela dioena. Lau familiak, gutxienez, hartutako erabakiari eutsi egingo diotela azaldu du Rodriguezek.
Izan ere, eskatzen duten aukera hori bermatu ezean, itunpeko ikastetxean edota beste herri bateko eskola publikoetan besterik ezin ditzakete matrikulatu seme-alabak. Horrek arazo handiak sortzen dituela azaldu du; besteak beste, umeek hainbat kilometro egin behar izatea egunean ikastetxera joateko.