Jesus Mari Laka sokatiralarien arduradunarentzat, Antzara Eguna lagunartean igarotzeko eguna da. Goiza lagunekin pasatu ostean, antzara jokoak irauten duen bitartean, antzara gora eta behera ibiltzeko sokatiralariak gidatzeko ardura hartzen du. “Erantzukizun handia da gurea, denok ondo koordinatuta lan egin behar dugu, eta, aldi berean, adi egon behar dugu antzara harrapatzaileak minik har ez dezan. Sarritan, hori ez da erreza izaten”.
Lakarentzat, batela balizatik ateratzen denetik unerik konplikatuena harrapatzaileak antzara eusten duen momentua izaten da. “Gorantz tiratzeko agindu baino lehen uretan arraunik edo min hartzeko zerbait dagoen ondo begiratu behar dugu, eta, horren ostean, ematen dugu gorantz tira egiteko agindua” azaldu du mendexarrak.
Sokatiralari moduan antzaren jokoan parte hartu zuen lehenengo eguna ondo gogoratzen du Lakak. “Hamasei urte baino ez nituen, eta, nire lehengusuak joan ezin zirenez, ni joan nintzen haren ordez sokari tiratzera. Betidanik txinga eramatea, sokatira eta gisa horretako kiroletan aritu naiz, eta, beraz, sokatiralari lanari ere gogo handiz ekin nion. Niretzat ez zen zerbait arraroa edo esfortzu berezia eskatzen zuena”, dio. Ordutik 31 urte pasatu dira, eta Lakak urtero irailaren 5eko arratsaldeko laurak heltzen direnen Abadeen moilan egoten jarraitzen du. Eguaztenean ere hantxe egon zen.
Hamasei urterekin antzara eta antzara harrapatzailea gora eta behera ibil zitezen sokari tiraka aritzen zen mendexarra. 2006.urtetik gaur arte, berriz, zeregin horretan aritzen direnak gidatzen ditu. Sokari tira egiteko momentua heltzen denean, txistua jo eta antzara eta harrapatzailea gora igoarazteko ardura dauka mendexarrak.
Orotara, 24 lagun dira: 23 tiralari eta Lakak denen buru. Duela 31 urte bera tiralari lanetan hasi zenean, Mendexa eta Amorotoko biztanleak soilik arduratzen ziren sokari tira egiteaz. Gaur egun, berriz, Markina-Xemein, Kortezubi, Ispaster eta Bedaroako (Ea) herritarrek ere parte hartzen dute. Den-denak lehorrekoak; itsasokoek jaiaz goza dezaten lanean. “Hogeita hiru tiralari taldea dugun arren, aldi berean, hamazortzi baino ez dira tiraka aritzen. Bitarte horretan, besteek atsedenerako tartea hartzen dute; izan ere, batelen areagotzearen ondorioz, tiralariek ez dute deskantsatzeko betarik izaten”, azaldu du. Joan den urtean, arazo horri aurre egin guran harrapatzaileak antzara askatu orduko tiralariak aldatzen saiatu ziren, baina aurten oraindik saio gehiago egin behar dituztela argitu du arduradunak.
Azken urteetako aldaketak
Laka da taldea osatzen dutenetatik eskarmentu gehien duena. Urte hauetan guztietan gauzak asko aldatu direla argitu du. “Lehen antzaren jokoan askoz ere batel gutxiago eta hobeto prestatutakoek parte hartzen zuten; orain ez bezala, denak marinelak izan ohi ziren. Berrogei parte hartzaile inguru izaten ziren, eta orain bikoitza baino gehiago dira antzararen bila ateratzen diren ontziak”, azaldu du.
Urte hauetan guztietan antzarak bizirik nahiz hilda ikusi ditu Lakak. Urte batean, hegaztien gripea dela eta, proba gisa erabilitako plastikozko antzarari ere tira egin zion mendexarrak. Hala ere, animalia bizirik, hilda edo plastikozkoa izateak baino gehiago soka eginda dagoen materiala, altxada kopurua, sokaren lerrokatzea, itsasaldia eta eguraldia izaten dira Laka kezkatzen dutenak. “Euria egiten badu, estropezu egin genezake, eta norbait eroriz gero talde guztia apurtzen da. Gainera, izerdituta eta euriarekin izugarrizko hotza pasatzen dugu. Sokaren materiala ere oso garrantzitsua da; izan ere, sokarik barik ez da antzaren jokorik. Zer esanik ez altxada kopurua eta itsasaldiek gure nekea handiagoa izan dadin baldintzatzen dutela”.
Altxada kopurua eta nekearen inguruan luze egin du berba sokatiralarien arduraduna. Antzara jokoa hiru ordura mugatzen hasi zirenetik tiralariek ez dute bateletik batelerako tartean deskantsatzeko aukerarik, kasu bereziren batean izan ezean. “Azkenengoz 2004. urtean Aitzol Negretek orain arteko marka ezarri zuenean gertatu zen. Urte hartan 32 altxada egin zituen Negretek, eta hurrengo batelari hasiera eman baino lehen prest egon arte itxaron behar izan zen”, azaldu du.
Horretaz aparte, 2001. urtea gogora ekarri gura izan du Lakak. “Urte berezia izan zen 2001. urtea. Sekula ezagutu dudan altxada kopururik handiena egin zen urte hartan, 503 hain zuzen ere. Gainera, aipatzekoa da antzara baten lepoak 300 altxadatik gora eutsi zituela”. Azken urteetan, aldiz, altxada kopuru gutxituz joan da. Besteak beste, joan den urtean 83 batelek 95 altxada egin zituzten, 2010.urtean 144 eta 2009an 165.