Herritarren poltsikoek berehala nabaritu dute krisiari aurre egiteko asmoz ezarritako neurrietako bat: BEZaren igoera. Adibidez, garraio zerbitzuek, zeinak urtero bezala urtarrilean garestitu ziren, berriro ere gora egin dute. AP-8ko ordainsarietan eta garraio publikoan antzeman da, dagoeneko, prezioen gorakada hori.
Joan den asteburuaz geroztik %3 garestitu dira AP-8ko autobideko ordainsariak —%18ko BEZa zuten lehen; %21ekoa orain—. Ibilgailu arinei dagokienez, bi eta zazpi zentimo artean egin dute gora prezioek. Ibilgailu astunek nabarituko dute gehien igoera. Izan ere, bost eta 22 zentimo artean garestitu dira haientzako ordainsariak. Bilbotik Gasteizerako autobideko ordainsaria, bestalde, euro erdi igo da hilabetean.
Errepideen erabileran ez ezik, garraio publikoan ere nabaritu da igoera. Bilboko Metroak %8 BEZa zuen orain arte, eta %10eko du orain. Igoera joan den zapatutik dago indarrean.
Metrokoek jakinarazi dutenez, Creditrans txartela darabilten bidaiarientzat zentimo bat eta bi zentimo artean egin du gora bidaia bakoitzak. Behin-behineko txartelean ez da prezio aldaketarik izan, eta Gizatransen bidaiak zentimo bat igo dira. Antzera igo dira Bilbobus zerbitzua, Artxandako funikularra eta Bilboko taxien tarifa arruntak. Bizkaibusi dagokionez, prezioei eutsi diete oraingoz. Bidenabar, Bizkaibusen neguko ordutegia astelehenean sartuko da indarrean.
Igoerak Bilboko txandakako aparkalekuetan eta TAO sisteman ere izango du eragina. Haietan prezio igoera datorren urtarrilaren 1etik aurrera igarriko da.